Duela hilabete eta erdi inguru osatuta zen Elgetako Korrika batzordea. Zortzi bat lagun elkartzen dira herrian Korrika batzordeko lanak egiteko, eta epe honetan bi astean behin elkartu dira Debagoieneko koordinatzaile Josu Zubiarekin batera. Apirilaren 4an egingo dute hurrengo batzarra, Korrika hasten den egunean. 18:00etara egin dute hitzordua, udaletxean. "Lan handiena eginda dago. Elkartuko gara azkenengo gauzak zehazteko", adierazi du batzordeko kide den Ane Bilbaok.
Korrika egitera, Bergarara
Apirilaren 13an pasako da Korrika Bergaratik. Zapatua da eta Bergaratik Osintxurako tarte bat lagunduko du diruz Elgetak. "Udalak hartuko du kilometroa, baina herritar guztien izenean izango da", esan du Bilbaok. Herritarrei bertaratzeko dei egin diete batzordetik. "Zehazteko dago zein tarte egokituko zaigun, baina eguerdi partean izango da eta autobusa ipiniko dugu joan-etorria egiteko".
Korrika Eguna, bezperan
Giroa berotzeko apirilaren 12rako arratsalde osoko egitaraua iragarri dute batzordetik. Herri Eskolak Korrika Txikia egingo du 15:00etan. Eskolako neska-mutikoek eskutik eskura pasako dute lekukoa herriko kale nagusietatik igaroko den ibilbidean.
Haur Liburuen Eguneko ekintzak ere egun horretan egingo ditu liburutegiak, eta ipuin kontaketa saioa egongo da plazan.
"Ondoren, Elgetako Korrika egiteko asmoa dugu, 18:30ean. Euskaraldiarekin ikusi dugun moduan baloratzekoa da Elgetan posible dela euskaraz bizitzea. Zerbitzu guztiak euskaraz ditugu eta nahiko genuke herritarrak horrekin konturatzea. Hala, herriko merkatariei, elkarteei eta eragileei eskatu diegu Elgetako Korrikan parte hartzeko. Lekuko bat eskutik eskura pasako dugu aldarrikatzeko euskaraz bizi nahi dugula eta horretan ahaleginduko garela. Animatzen ditugu herritarrak ekintza horretan parte hartzera".
Korrikaren aldeko bertso afaria ere iragarri dute batzordetik. Ozkarbi elkarteak prestatutako du afaria. Prezioa da 20 euro, eta txartelak apirilaren 8ra arte egongo dira salgai Haizea zein El Rincon de Lola tabernetan. Zizka-mizkak, entsalada epela, saiheskia eta postrea daude menuan. Horrekin batera, Onintza Enbeitaren eta Sustrai Colinaren bertso sorta, noski.
Goibeko Zuberoara apirilaren 7an
Aurreko domekarako, apirilak 7, egun osoko irteera antolatu du Goibeko Euskaltzaleen Topaguneak. Zuberoan izango da egun horretan Korrika, eta asmoa da eguerdian Korrikan parte hartzea, eta arratsaldean Hoki herrian egitekoa den maskarada ikustea. El Rincon de Lola tabernan eman daiteke izena autobuserako. Prezioa da hamar euro.