Adin tarte ezberdinetan antolatuta, egun osoko txangoak egin dituzte Herri Eskolako neska-mutikoek berriki.
Otsailaren 20an izan ziren Gasteizen bosgarren eta seigarren mailetako ikasleak. Eusko Legebiltzarrak Florida parkean duen egoitzan izan ziren, eta Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleak ordezkatzen dituen erakundearen funtzionamendua ezagutzeko aukera izan zuten. Legebiltzarkide Rebeka Ubera elgetarrak egin zien harrera zein bisita gidatua, eta prentsaurreko bat bertatik bertara ikusteko aukera ere izan zuten.
Santa Marina katedrala bisitatu zuten, eta hain esanguratsua den eraikinaren berritze lanak zertan diren ikusi zuten.
Txikienak Ekogunera
Haur Hezkuntzako 3, 4 eta 5 urteko geletako neska-mutikoak Donostiako Kutxa Ekogunean izan ziren otsailaren 21ean. Guztira, 40 umetik gora joan ziren. "Leku oso egokia da psikomotrizitatea zein jolas sinbolikoa lantzeko", adierazi du zuzendaritzako ordezkariek. "Balorazio oso positiboa egin genuen aurreko urteko txangoaren ostean, eta aurten ere bai".
Arrikrutz eta Txokolateixia
Lehen Hezkuntzako lehenengo mailatik laugarren mailara arteko neska-mutikoak, berriz, Oñatin izan dira. Arrikrutz kobetako aurkikuntzen berri izan dute. Historiaurreko gizakiek sua zelan egiten zuten ere ikasi dute.
Kobazuloa bisitatu ostean, Oñatiko Txokolateixia bisitatu zuten, eta bertan, txokolatearen historiaren, osagaien eta txokolate moten gainekoak ikasi zituzten.
Zuzendaritzak modu oso positiboan baloratu ditu hiru irteerak. Gaur, hain zuzen ere, Aixolako urtegiari bisita egiten izan dira LH-ko ikasle guztiak.