Martxoaren 8ko aldarrikapenak plazaratzeko ekintza sorta Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko mar. 6a, 19:05
Zaintza lanak oinarri hartuta zeramika gelan ikusgai dagoen argazki erakusketa.

Gaur, eguena, emakume taldearen mahai informatiboa eta Herri Eskolako neska-mutikoen kalejira izango dira nagusi. Biharko greba egunerako egun osoko egitaraua iragarri dute emakume taldetik.

Aurreko zapatutik zabalik da zaintza lanak erdigunera ekarri nahi dituen argazki erakusketa, zeramika gelan Alicia Gartziak egindako hemezortzi argazki daude ikusgai. Beste hamabi argazki ipiniko dituzte ikusgai Herri Eskolan bertan egiten dituzten zaintza lanak agerian jartzeko. Argazki horiek ere Alicia Gartziak egindakoak dira.

Bezperan informazio mahaia eta eskolakoen kalejira

Ez dira horiek Martxoaren 8ko aldarrikapenekin lotuta herrian egingo diren ekintza bakarrak. Gaur, martxoak 7, greba deialdiaren inguruko informazioa banatzeko mahaia jarriko du Elgetako emakume taldeak, plazan. Eguerditik aurrera izango da. Eskolatik jakinarazi dute, berriz, lanketa berezia egingo dutela ikastetxean. LHko ikasleek eskumuturreko moreak egingo dituzte, eta HHko neska-mutikoek arratsaldeko kalejirarako pankarta apainduko dute.

Kalejira eskolatik plazara egingo dute eta plazatik eskolara. Eskola atarian, Erre zenituzten kantua dantzatu eta abestuko dute eta Maite ditut denak koplak abestuko dituzte. Euriarekin ekintzok eskolako ganbaran izango dira.

Emakume taldeak, bere aldetik, oihal morearekin jantziko du udaletxeko balkoia.

Martxoaren 8an, greba

Emakumeen Nazioarteko Egunerako egun osoko egitaraua prestatu du Elgetako emakume taldeak. 10:00etan hasiko dira ekintzak eta informazio mahaia ipintzearekin bat plaza apainduko dute. 10:30ean irteera egingo dute bandera more bana ipintzeko Emakume erresistenteen plazan zein La Belga posizioan.

12:00etan egingo dute eguneko elkarretaratzea, plazan. Ordu laurdenekoa izango da eta bazkaria egingo dute gero. Bazkari autogestionatua izango da, norberak eraman beharko ditu jakiak. Amaitutakoan, kafe tertulia egingo dute eta mahaiaren bueltan zaintza lanak nola bizi dituzten elkarbanatuko dute bertaratutakoek. Horrekin batera asteotan herrian eskutik eskura ibili diren koaderno moreetan jasotako gogoetak irakurriko dituzte. 

Mahai jolasak eta tailerrak ere iragarri dituzte. Tailerrak izango dira fotocall feministarako materiala prestatzeko zein arratsaldeko elkarretaratzeko pankarta auzolanean egiteko. 

Iluntzeko elkarretaratzea 19:00etan izango da. Honakoa ere ordu laurdenekoa izango da eta amaieran komunikatu bat irakurri du Elgetako emakume taldeko kide batek.

Elgetako emakume taldetik ekintzotan parte hartzera deitu dute, eta jakinarazi dute beharren arabera zaintza gune autogestionatua antolatuko dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak