Ganbaratik edo mozorro dendatik pasa ostean, baina ezohiko jantziekin irtengo dira gaur kalera herritar ugari; izan ere, Inauteri eguna da Elgetan. Aldamenekoak sano zirikatzeko egunak eta orduak dira, eta egongo da Elgetan ere horretarako aukera.
Urtero moduan, Herri Eskolako umeek eta irakasleek abiaraziko dute Inauteria herrian. Ikastetxeko neska-mutikoek kalejira egingo dute eskolatik 15:00etan abiatuta. Musikarekin lagunduta plazarainoko ibilbidea egingo dute, eta iritsitakoan dantzak eskainiko dituzte, taldeka. Egunak eman dituzte kantuak ikasten eta koreografiak lantzen, eta Mari Kalanbre, Basakabiko atarian, Lasai, Pailazo, Zer den bizitza eta Sexuarekin bat abestuko eta dantzatuko dituzte. Amaitzeko, Xabi Solanoren Erre zenituzten kantua dantzatuko dute guztiek batera.
Txokolate-jana eta DJ jaialdia
Udalak eta Maala guraso elkarteak antolatutako ekintzekin jarraituko du Inauteri festak; izan ere, 16:30ean txokolate-jana eskainiko du guraso elkarteak eta 17:00etarako I&D jaialdia iragarri du Udalak.
Buruhandiek ere bat egingo dute Inauteri festarekin, eta 18:30ean irtengo dira mozorro txikien harrapaketan aritzeko. Eguraldi onarekin plazan izango dira ekintza horiek guztiak, eta bestela udal pilotalekuan.
Inauteri astelehena eta martitzena direla-eta Herri Eskolan jai hartuko dituzte bi egunak. Lau eguneko aste bukaera izango dute, beraz.
Erretiratuak, martitzenean
Xalbadorpe erretiratuen elkartetik jakinarazi dute martitzenean ospatuko dutela Inauteria. Urteroko txokolate-jana egingo dute, eta 17:00etarako deitu dituzte herriko erretiratuak Ozkarbi elkartera. Bingo saioa ere egingo dute. Txokolate-janaren ostean izango da.