Iratxe Alonso Maiztegi: "Gorputzak eskatu egiten dit kirola egitea"

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko ots. 15a, 12:09
Iratxe Alonso Maiztegi, martitzenean, Elgetan.

Hiru urte dira korrika egiten hasi zela, eta denboraldi ona egin zuen iaz: hirugarren egin zuen Bocineros lasterketan eta zazpigarren, berriz, Hiru Handiak proban. Eguaztenean DKS-ko Elgeta Saria jaso zuen.

Iratxe Alonso Maiztegik (Zaldibar, 1989) gustuko duelako egiten du korrika, eta erronka garrantzitsuak egiteko gai dela erakutsi zion bere buruari iaz.

Noiz eta nola hasi zinen korrika?

Kirioak dantzan ibiltzen naiz beti, eta ondo datorkit. Gimnasioan hasi nintzen, gero mendian... Gustua hartu, eta lasterketetan izena ematera heldu nintzen.

Zeintzuk izan ziren lehen probak?

2016ko urrian Anbotoko kilometro bertikala egin nuen. Zumarraga, Orio eta inguruko beste hainbat lasterketa ere egin ditut. Egia esan, gero eta erronka handiagoak izan dira.

Eta iaz hirugarren emakumea izan zinen Bocineros proban eta zazpigarrena Hiru Handiak lasterketan?

Bikotekideak oso gustura egin zuen Hiru Handiak proba 2016an. Hark animatuta, biok eman genuen izena iaz urtarrilean; zortea izan genuen zozketan. Erronka handia da, eta entrenatzailea hartzea erabaki genuen hiru hilabete lehenago. Lasterketa gehiago ere egin genituen; tartean, Bocineros Extrem, Bizkaian. Oso ondo irten zitzaidan. Orduan nengoen indartsuen, Hiru Handiak egiteko prestaketan.

Hiru Handiak 102 kilometro dira...

Bai; amaitzea nuen helburu, eta zazpigarren egin nuen.

Emakume asko zabiltzate laster-ketetan?

Gero eta gehiago, eta adin askotarikoak, gainera.

Entrenatzeko Elgeta inguruan ibiltzen zara?

Bai, entrenatu nahi dudanaren arabera aukeratzen dut: Egoarbitza, Santamañazar, Azkonabieta, Erdella, Udalatx... Intxorta, egia esan, ez zait askorik gustatzen. Joaten naiz, baina lokatz handia egoten da eta ez zait erosoa egiten.

Mendi martxak ere gustuko dituzu, ezta?

Bai; iaz moduan aurten ere egingo ditugu Euskal Herriko Ibiltarien zirkuituko batzuk. Oso ondo egoten dira.

Hastear den denboraldirako zein asmo duzu?

Aurten ere Cangas de Onisko lasterketarekin emango diot hasiera denboraldiari. Martxoaren 2an jokatuko da 30 kilometroko karrera, Asturiasen. Gero etorriko dira Buetraitzeko igoera bertikala –maiatzak 3, gauez– eta Euskal Herriko mendi erronka –67 kilometrokoa, Leitzan, maiatzean–. Aurten lasaiago ibiltzea da asmoa.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak