Motorrak berotzen joateko Mendi Mendia Racing jaia, otsailaren 9an

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko urt. 22a, 10:01

Elgetako pilotuak, lagun artean, Mikel Beretxinagaren garaipena ospatzen Zamudion. (Iturria: Mendi Mendia Racing)

Elgetako auto gidariak hasita daude denboraldi berria prestatzen. Autoak garajean daude, eta martxoaren 30erako nahi dituzte gertu. Bien bitartean, urteroko jaia iragarri dute. Auto erakusketa, bazkaria eta goizaldera arteko kontzertuak prestatu dituzte.

Asier Unzetabarrenetxea, Mikel Beretxinaga eta Oskar Sarasua dira azken urteotan auto lasterketetan parte hartzen ari direnak. "Hiru gara, eta, kontuan hartuta Elgeta mila biztanleko herria dela, proportzioan kopuru garrantzitsua dela esango nuke", azaldu du Oskar Sarasuak. Pilotuen bueltan, gainera, lagun eta zale ugari mugitzen dela azaldu du: "Kopilotuak, asistentzia lanetarako laguntzaileak, jarraitzaileak... Bagara batzuk, eta giro oso ona sortzen da, gainera", esan du.

Aurreko denboraldia ez zen guztiendako berdina izan. Mikel Beretxinagak rally modalitateko laugarren klaseko Euskal Herriko txapelketa irabazi zuen. Zamudion jokatu zen azken lasterketa puntuagarria eta azaroan eskuratu zuen garaipena. Asier Unzetabarrenetxeak ere denboraldi polita egin zuen, eta hirugarren scratch egin zuen, esaterako, Gernikako proban. Oskar Sarasuak, aldiz, ez zuen zorte bera izan. "Gorlan autoaren abiadura-kaxa apurtu nuen, eta Aramaion kulata- juntura erre zen. Hortxe amaitu zen denboraldia niretzat".

Autoak garajean daude; izan ere, motorrak zein gainerako osagaiak puntuan jartzen ari dira elgetarrak. Nork bere autoa prestatzen du eta beharra dagoenean elkarri laguntzen diote. Unzetabarrenetxeak BMW M3 e36 autoa gidatuko du, eta, aurreko urtean bezala, anaia Ibon izango du pilotukide. Bosgarren kategorian lehiatuko dira. Mikel Beretxinagak Omer Gartzia bergararra izango du kopilotu eta BMW e36 325i autoa gidatuko du. Laugarren kategorian lehiatuko dira. Oskar Sarasuari dagokionez, Citroen Saxo 16v bat gidatuko du eta Koldo Olaortua izango du pilotu-lagun. Bigarren kategorian lehiatuko dira.

"Denboraldi honetan, Euskal Herriko txapelketarako puntuagarriak diren rallyak jokatzea da asmoa", azaldu du Sarasuak. Sei dira eta martxoaren 30ean jokatuko da lehenengoa: Bidasoa rallya. Ondoren etorriko dira gainerako hitzorduak: Lea Artibai –maiatzak 3/4–, Goiurra –ekainak 9–, Fitero –ekainak 22/23–, Gernika – urriak 12/13– eta Zamudio –azaroak 16–. "Horiek izango dira guretzat erreferentziazko probak eta asmoa da denak jokatzea, baldin eta autoak ondo baditugu, noski", azaldu du Sarasuak. "Gero, aukera egon daiteke igoeraren bat jokatzeko. Gorlakoa, esaterako. Ikusiko dugu denboraldia nola datorren".

Kirol garestia

Jakina da afizio garestia dela honako hau, baina zaletasuna pizten du. "Debagoienean afizio handia dago eta kirol honek harrapatu egiten zaitu", azaldu du Sarasuak. "Alde batetik, abiadura kontua dago, eta, bestetik, inguruan elkartzen den lagun taldea eta sortzen den giroa".

Gastu nagusien artean, autoa mantentzea, gurpilak berritzea, lasterketa bakoitzeko izen-emateak eta federatu txartela aipatzen ditu. Hain zuzen ere, gastuen zati bati aurre egiteko, zaleei esker ona adierazteko eta kirol modalitate hori herrian ezagutzera emateko Mendi Mendia Racing jaia antolatu dute, hirugarren urtez, elgetarrek.

Egun osoko festa eguna

Otsailaren 9rako iragarri dute festa eguna eta zabalik da izen-ematea. Auto erakusketa, bazkaria eta goizaldera arteko kontzertuak prestatu dituzte. Txartelak salgai daude Elgetako El Rincon de Lola eta Bergarako Arrano tabernetan.

Kontzertuei dagokienez, Barne Guda, Demencils eta Brigada Loco taldeak iragarri dituzte. Espaloian izango dira bazkaria eta kontzertuak. "Uste dugu aurreko urteetan baino dezente jende gehiago etorriko dela; izan ere, jendea mugitzen duten musika taldeak dira. Ea horrela den".

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak