Lanean hasita dago Elgetako M8 plataforma

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko urt. 11a, 11:15

Elgeta M8 plataforma sortzeko eguaztenean egindako batzarra. (Argazkia: Iratxe Bravo)

Elgetako emakume taldeak deituta, eguaztenean egin zuten M8 plataforma sortzeko batzar irekia. Hamar lagun elkartu ziren eta hainbat ideia irten ziren Emakumeen Nazioarteko Eguna aldarrikatzeko. Hilaren 20rako egin dute hurrengo hitzordua.

Martxan da Elgetako M8 plataforma. 2018ko martxoaren 8an mugarri garrantzitsua izan zen, eta argi izanda ere genero berdinketaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako borroka egunerokoa izan behar dela, helburua da 2019ko Martxoaren 8a beste mugarri garrantzitsu bat izatea.

Eguaztenean egindako batzar irekiaren helburua izan zen Euskal Herriko mugimendu feministak iazko mobilizazioen inguruan egindako balorazioaren berri ematea eta aurtengo deialdirako egiten diren planteamenduak elkarbanatzea. Horrekin batera, lan dinamika bat martxan jartzea. "Akaso, egongo da jendea emakume taldean ez dagoena, baina Martxoaren 8ko lanketan parte hartu nahi duena, eta aldarrikapen konkretu horretan jardun nahi duena. Horretarako sortu da Elgetako Martxoak 8 plataforma", adierazi dute bultzatzaileek.

Martxoak 8, iaz

Iazko greba feministak lau ardatz nagusi izan zituen. Alde batetik, lan greba izan zen, bina orduko bi lanuzte deialdi egin baitziren, eta, horrekin batera, zaintza greba, kontsumo greba eta ikasle/hezkuntza greba aldarrikatu ziren. Aurten, 24 orduko lan greba deitzea da asmoa eta, aurreko urteko lau ardatzak mantentzea, pentsionistak ere mobilizazioetara deituta. Zaintza lanekin dagoen problematikari, bestalde, ikusgarritasun nabarmenagoa eman gura zaio. "Zaintza lanei prestigioa eman behar zaie, eta helburuetako bat izango da dauden egoerak erakustea. Emakume asko egoera oso prekarioan ari dira zaintza lanak egiten, eta bakarrik", azaldu zuten batzarrean.

Hurrengo batzarra

Elgetako M8 plataformak urtarrilaren 20rako, domeka, deitu du hurrengo lan batzarra. Kultura etxeko bigarren solairuan elkartuko dira, 11:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak