EH Bilduko bost ordezkarien aldeko botoekin onartu dute 2019ko udal aurrekontua, Elgetan. Hamabost minutuko ez ohiko osoko bilkura izan da; izan ere, ez da oposizioko ordezkaririk bertaratu eta Iraitz Lazkano alkateak aurrekontu proposamenaren ezaugarri nagusiak nabarmendu ostean egin dute bozketa koalizioko bost kideek.
Oposizioko bozeramaile Mikel Larreak Goienari azaldu dionez laneko konpromisoek eta bestelako egoera pertsonalek eragin dute Gu Geu Elgetako ordezkaririk ez egotea gaurko ez ohiko osoko bilkuran. Hiru dira eta hirurek izan dituzte bestelako konpromisoak gaurko plenora ez bertaratzeko.
2019rako inbertsioak
Iraitz Lazkano alkateak jakinarazi du egoera ekonomiko estuan jarraitzen duela Elgetako Udalak, eta jasotako kalte-ordainek baldintzatzen dutela nagusiki egoera hori.
Hurrengo urteko inbertsioei buruz galdetuta nabarmendu ditu Artekaleko urak bideratzeko eta bertan autobus geltokia egiteko lanak (30.250 euro), herriko koadro elektrikoak berritzeko lanak (13.581 euro), baserritarren batzordetik egin behar diren lanak (15.000 euro), herriko haur parkeak egokitzeko lanak (10.000 euro), irisgarritasun lanak (7.500 euro) eta hilerrian kolunbarioa egiteko lanak (6.985 euro).
2019ko aurrekontuak 119.701 euro aurreikusten ditu inbertsioen atalean.
Euskararen erabilera plana
Gaurko osoko bilkura, bestalde, Udalak euskararen erabilera plana onartu du. Lau urtean behin egin behar da eta berritzea zegokion. Horrekin batera udal arduradunek kontu eman dute Udalak bi eguneko epean ordaindu dituela fakturak 2018ko hirugarren hiruhilekoan. Zehatz esanda 1,95 eguneko epean, bataz beste.
Azkenik, kafe antzokian kultura ekintzak antolatzeko Udalak Hiru kultur taldearekin berritzekoa duen hitzarmena hurrengo osoko bilkuran izango du udalbatzak mahai gainean.