Bertso dotoreak atzo, Elgetan, gai serioak zein umorezkoak landuta

Mirari Altube Arrese 2018ko abe. 15a, 14:22
Maddalen Arzallus bertsotan inguruan Soto, Egaña eta Agirreazaldegi dituela.

Gai serioak zein umore ukitudunak, guztiak sartu zituzten zakuan Elgetara gerturatu ziren lau bertsolariek. Eta Maddalen Arzallusek, Andoni Egañak, Ainhoa Agirreazaldegik eta Julio Sotok gustura utzi zituzten Espaloia ia bete zuten ikusleak. 

Arzallusek adierazi zuen Elgeta dela Gipuzkoako herririk garaienetakoa, eta bera Hendaiatik etorrita oxigenoa garunera iritsiko ote zitzaion beldur zela. Baina iritsi zitzaion, bai, eta ondo, gainera.
 
Kontu serioak izan zituzten bertsotarako gai. Egañak eta Sotok, alkohola eta sexu erasoak landu zituzten: "Alkoholak justifikatzen du erasoa?". Agirreazaldegik eta Arzallusek ere ez zuten gai goxoagoa izan: "Puta sartu zuen gizona herriko beste auzo batean senarra da". Alzheimerra ere izan zuen gai Egañak: "Gaixotasunak jota dagoen 75 urteko gizona parkean dago usoei jaten ematen. Etorri da gazte bat eta esan dio: Aita, goazen etxera. Ez daki nor den". Gogorrak guztiak ere.
 
Baina umoreari ere egin zioten lekua; hor landu zuten esaterako, Oñatiko suhiltzaileen parkean dagoen ganora eskasia: "Elgetan baserri bat erre da eta bitartean egoitzan suhiltzaile bat txiskeroarekin jolasean eta bestea lotan arduraduna datorrenean". Egaña, ostera, dutxan eroritako metrosexuala izan zen; larrialditara joan nahi ez eta Arzallus bizilagunari laguntza eske doa. Librean ere ederto jardun zuten laurek, umoretik.
 
Ikusleen esanetan esperotako maila erakutsi zuen Egañak, eta Sotok eta Arzallusek bikain jardun zuten. Agirreazaldegi, besteen aldean, pattalago igarri zuten. Dena den, eskertuta agertu zen Elgetara itzultzeko aukera izateagatik (bertan jaioa da) eta halako bertso saioan jarduteagatik.
Erlazionatuak

Goi mailako bertsolariak Elgetan

Mirari Altube Arrese 2018 abe 15 Elgeta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak