Parte hartze polita izan du Xalbadorpe elkartearen kultura asteak

Larraitz Zeberio Lekuona 2018ko abe. 14a, 13:02
'La fiesta de la Madonna' antzezlana, martitzenean, Espaloian.

Bingo saioa, La fiesta de la Madonna antzezlana eta Alai Taldearen kontzertua izan dituzte erretiratuek asteon. Gaur emango diote amaiera 2018ko kultura asteari, Ozkarbi elkartean egingo duten txistor-janarekin.

Urteroko ekintza sorta antolatu du Elgetako erretiratu elkarteak kultura asterako, eta 50 bat lagunek hartu dute parte gehienetan.

Martitzenean, esaterako, La fiesta de la Madonna antzezlana eskaini zuten ONCE erakundeko kideek, eta, tonu umoretsuan bada ere, egunerokotasun handiko gaiak jorratu zituzten. Adinez nagusi diren sei emakume dira istorioaren protagonistak, eta bi nagusienak, bereziki, semeen zaintzapean bizi dira.

Zaintza hori, ordea, ez da egokiena. Erresidentzia batean bizi da Antonia eta oporretarako etxerik etxe ibiltzen dute. Sofia, berriz, etxetik irten barik bizi da, semeak dituen zorrei aurre egin ezinik.

Egoerak bultzatuta, bat egiten dute sei emakumeek. Elkar laguntzeko eta faltan sumatzen duten maitasuna elkarri eskaintzeko modua aurkitzen dute.

Alai Taldea eta bingo saioa

Alai Taldeko kideak ere izan dira, aurten, Elgetan. Eguaztenean 50 bat ikusleren aurrean egin zuten emanaldia, eta Gabon sasoiko kantuekin amaitu zuten kontzertua.

Bestalde, bingozaleak dira Elgetako erretiratuak eta aurtengo kultura astean ere egin dute saioa. Kartoi bakoitzeko 50 zentimo jokatzen dituzte, eta isiltasuna izaten da nagusi Manu Sarasua zenbakiak ematen hasi orduko.

Gaur, 18:00etan, txistor-jana egingo dute Ozkarbin eta Gabonetako mahai-joko txapelketa hilaren 27rako iragarri dute.

Erlazionatuak

'La fiesta de la Madonna' antzezlana, Espaloian

Larraitz Zeberio Lekuona 2018 abe 14 Elgeta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak