81 jasoaldirekin, azken finalaurrekoan erabakiko da Goikoetxe finalean egongo den

Julen Iriondo 2018ko abe. 9a, 18:09
Artxiboko argazkia.

Gabonetako Harrijasotze Txapelketako bigarren finalaurrekoa jokatu da gaur Aizarnazabalen, eta herriko seme eta Imanol Albizu Goikoetxe-rekin lehian jardun duen Xabier Peñagarikanok finalerako txartela ziurtatu du, 85 altxaldirekin. Altxaldi gehien dituzten hiru harri jasotzaileak sailkatuko dira, eta Goikoetxe hirugarren dago, oraingoz.

Txapelketa honetan egin beharreko lana dira hiru minutuko hiru txanda, 100 kiloko harriekin, zilindroarekin bat, kubikoarekin beste bat eta bolarekin hirugarrena. Gaurko saioan, 33 altxaldi egin dizkiote bai Goikoetxek eta bai Peñagarikanok zilindroari; 20 lehenak eta 23 bigarrenak kubikoari; eta 28 eta 29 bolari. Guztira, Goikoetxek 81 altxaldi eta Peñagarikanok 85. Orain arteko kanporaketetan berea da markarik onena eta, ondorioz, eskuan du Aizarnazabalgoak finalerako txartela, hiru harri jasotzaile lehiatuko direlako txapelaren bila, eta azken finalaurrekoko bi lagunen jasoaldi kopurua baino ez baita falta ezagutzeko.

Denak, beraz, Otxandioko azken saioan zer gertatuko zain; Inhar Urruzunok 84 jasoaldi ditu, eta Goikoetxek, esan bezala, 81. Datorren astean, Otxandion, Izeta IV.a eta Iñigo Eizagirre ariko dira lanean. Goikoetxek Izeta ikusten du, ikustekotan, berari finalera pasatzea eragozteko moduan: "Eizagirrek aurrekoan 72 jasoaldi egin zituen, eta tope egin zuen". Aukerak ikusten ditu finalean egoteko, nahiz eta pena apur bat izan, beste pare bat altxaldirekin "nahikoa seguru"legokeelako: "Eurek ere jaso egin beharko dituzte, 80ko muga pasatzea ez da erraza".

Hala ere, gaur "egun pattala" izan duela aitortu du Goikoetxek: "Betikoa, kubikoarekin egin dut huts".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak