Euskal Herriko beste 400dik gora herritan moduan Elgetan ere martxan da Euskaraldia. Atzo iluntzean egin zuten hasiera ekitaldia herriko plazan. Euskaraldia batzordeak ekimena prestatzeko egindako ekintzen inguruko argazki bilduma ipini zuen ikusgai.
Izen-emate berriak izan ziren atzokoan, ahobizi zein belarriprest-endako gomendioak ere banatu zituen batzordeak eta musika eta suziria ere egon ziren. Horrekin batera plazan elkartutako herritarrek talde argazkia atera zuten txapak soinean zituztela.
"Errazena egin dugu; izena eman eta txapak jantzi. Orain proposatutako ariketa ondo egitea dagokigu!", adierazi zuen Euskaraldia batzordeko Iban Arantzabalek.
Herri Eskolan ere Euskaraldia
Elgetako Herri Eskolan ere bat egin dute Euskaraldiarekin. Kartela zintzilikatu dute eskolako sarreran. Jolastokian elkartu dira ikasle batzuk beste batzuk kartela zintzilikatu duten bitartean. Aho bizi, belarri prest abestia ere kantatu dute. Neska-mutikoek, bestalde, ahogozo eta belarrigozo txapak egin dituzte soinean eramateko. "Euskaraldiak irauten duen egun guztietan sarrerak eta irteerak musikarekin alaituko ditugu", adierazi dute zuzendaritzatik.