Elgetan gaur iluntzean egingo diote ongietorri ekitaldia Euskaraldiari

Larraitz Zeberio Lekuona 2018ko aza. 23a, 09:28
Ahobizi eta Belarriprest Elgetan.

Elgetako ahobizi eta belarriprest guztiak gonbidatuta daude plazan elkartzera. Festa giroan eta Euskaraldirako gomendioekin emango diote hasiera hizkuntza ohituretan eragitea helburu duen hamaika eguneko ariketa kolektiboari. Herriko hainbat taldek egin dute bat Euskaraldiarekin.

"Hemen da Euskaraldia, eta, merezi duen harrera egiteko, suziriak, musika, argazkiak eta luntxa izango ditugu gaur iluntzean, Elgetan. 18:00etatik aurrera izango gara plazan Euskaraldiak hilabeteotan emandakoak jasotzen dituzten argazkiekin eta ahobizi zein belarriprest roletan izena eman dutenendako azken gomendioekin. Ekitaldi nagusia 19:00etan egingo dugu; izan ere, talde argazkia ateratzea dugu helburu, eta horrekin batera Euskaraldiaren hasiera adierazteko suziriak botatzea", adierazi dute Euskaraldia batzordetik.

Jakinarazi dute Elgetan, oraingoz, hirurehun bat lagunek eman dutela izena ahobizi edo belarriprest izateko. Horrekin batera, hainbat taldek agertu dute atxikimendua: Maala guraso elkarteak, Elgetako EH Bilduk, Kantsatzeke mendi taldeak, udal langileek... Eta Herri Eskolan ere ekintza bereziak egingo dituzte gaur.

Txapak jasotzeko prest

Txapak jasotzeko dituzten herritarrek jakin behar dute liburutegian dituztela prest. Izen-emateak ere zabalik jarraitzen du. "Gaur plazan egingo dugun ekitaldian ere izango da izena emateko eta txapak jasotzeko aukera", esan dute batzordetik. 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak