Indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratzea deitu dute domekarako Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2018ko aza. 21a, 17:00

Indarkeria matxistak urte honetan hildako emakumeak izango dituzte gogoan elkarretaratzean. (Iturria: Rompiendo el silencio)

Urte honetan hamaika lagun —bederatzi emakume eta bi ume— hil dituzte Euskal Herrian indarkeria matxistaren biktima. Elgetako emakume taldeak udal gizarte sailarekin elkarlanean elkarretaratzea deitu du domekarako, 13:00etan.

Azaroaren 25ean Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna aldarrikatzen da eta Elgetan elkarretaratzea deitu dute. Herritar guztiak daude elkarretaratzean parte hartzera deituak.

Hilotzak irudikatuko dituzte plazan, eta gaia bisibilizatzeko helburuarekin informazio panelak ipiniko dituzte indarkeria matxista zenbat aldaera dituen eta zenbat esparrutan ematen den erakusteko. Larritasun egoeratan nora jo behar den ere jasota egongo da.

1981. urtetik da azaroaren 25a emakumeenganako indarkeriaren kontrako borrokaren ikur; izan ere, 1960ko azaroaren 25ean Dominikar Errepublikako Trujilloren diktadurapean izandako gertaera lazgarriak ekartzen ditu gogora. Egun horretan Maria Teresa, Patricia eta Minerva Miraval —ahizpak— torturatu, bortxatu eta hil zituzten diktadura haren kontrako herri mugimenduan parte hartzeagatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak