Lau ostalari Elgetako Pintxo Lehiaketan pintxo onena aurkezteko erronkarekin

Larraitz Zeberio Lekuona 2018ko aza. 8a, 11:36
Iaz egindako lehiaketa irabazi zuen pintxoa, Rincon de Lola jatetxekoa.

Hurrengo bi domeketan jokatuko da Elgetako XI. Pintxo Lehiaketa. Aste honetan, epaimahai ofizialak emango du saria eta hurrengoan, herritarrek izango dute hitza. Trikitilariak, txaranga, argazki lehiaketa eta argazki erakusketa ere izango dira.

Elgetako Udalak antolatuta, bi pintxo domeka izango ditu aurten lehiaketak. Lau parte-hartzaile izango dira: Bolatoki taberna, Haizea taberna, Maialde landetxea eta Rincon de Lola jatetxea. Bakoitzak pintxo bana aurkeztu beharko du, eta epaile ofizial lanak egiteko kide bana jarriko dute Xalbadorpe erretiratuen elkarteak, Elgetako emakume taldeak eta Maala guraso elkarteak. Hiru epaimahaikideak 11:45etik 12:45ak bitartean ibiliko dira tabernaz taberna, lehiaketara aurkeztutako pintxoak dastatzen. Sari banaketa 14:00etan izango da, eta antolatzaileek Jainaga eta Narbaiza trikitilarien konpainian eramango diote txapela irabazleari.

Herritarren saria

Urtero moduan, herritarrek ere izango dute iritzia emateko aukera. Txapelketako lau pintxoak euro batean eskainiko dituzte parte-hartzaileek, eta, publikoarendako, osagaiak asmatzeko lehiaketa eta pintxo onena baloratzeko aukera izango dira. Pintxo selfie lehiaketak eta Hirix bidezko galdeketa erantzuteak ere saria eman dezakete.

Iaz, Rincon de Lola tabernako Lola pil pil bakailao pintxoak irabazi zuen eta Maialde landetxeko Jesus Kalboetxeagak txerri azpizuna oinarri hartuta aurkeztutako pintxoak jaso zuen publikoaren saria.

Programazio osagarria

Pintxo domekak girotzeko, Emakume Master Cup pilota txapelketa izango da frontoian etzi, 10:30ean, eta, azaroaren 18rako, argazki lehiaketa eta Burrunbazale txaranga daude iragarrita. Horrekin batera, argazki erakusketa zabalduko du Jose Antonio Ojanguren elgetarrak zeramika gelan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak