Ordenantza fiskal gehienetan ez da Elgetan igoerarik izango, aurten

Larraitz Zeberio Lekuona 2018ko urr. 31a, 13:32

Elgetako Udalak 2019an aplikatuko dituen tasak eta zergak udalbatzaren aho bateko onarpena jaso dute aurten. Atzo egindako osoko bilkuran, bestalde, hasierako onarpena eman zioten lokalak etxebizitza bihurtzeko ordenantza berriari. Pinudiak kobre oxidoarekin fumigatzeko neurriaren inguruan aurkeztutako mozioak izan ziren desadostasun iturri.

Lehenengo aldiz agintaldi honetan udalbatzak aho batez onartu ditu hurrengo urteko ordenantza fiskalak. EH Bilduren proposamena izan zen udal zerga eta tasa gehienak izoztea. Bi salbuespen iragarri zituen: zaintza zerbitzuko kuota kendu eta ludoteka zerbitzuak erabiltzaile guztiendako kuota bakarra edukitzea eta hondakinen inguruko tasan Mankomunitateak aplikatuko duen igoera mantentzea.

Oposizioko kideek galdetu zuten 2019ko ordenantza fiskaletan KPIa ez igotzeak zer nolako eragina izango zuen Udalaren diru sarreretan, eta erantzuna izan zen 6.000 bat euroko aldea suposatuko duela. Gu Geu Elgetako Eduardo Zubiaurrek adierazi zuen Udalak bizi duen egoera ekonomiko zaila kontuan izanda 6.000 euro horiei uko egiteko moduan dagoen. Iraitz Lazkano alkatearen erantzuna izan zen 6.000 euroko aldea ez dela udal aurrekontuan erabakigarria izango, eta benetako arazoa Udala kalte-ordainetan ordaintzen ari den diru kopurua dela.

Agintaldiko aurreko urteetan abstentziora jo du beti Gu Geu Elgetak ordenantza fiskalak onartzerakoan. Arrazoia etxebizitza hutsei aplikatzen zaien %100eko errekargua izan da; izan ere, zigor moduan ulertzen dute. Aurten, errekargu hori %50era jaisteko proposamena egin dute, eta negoziazio baten ostean alde biak errekargua %75ekoa izango dela adostu dute. Hala, aho batez onartu dituzte udal ordenantzak.

Kobre oxidoa pinudietan

Pinudiak kobre oxidoarekin fumigatzearen kontrako mozioa aurkeztu zuen, atzo, Elgetako EH Bilduk. Oposizioak bere aldetik beste testu bat aurkeztu zuen. Lehenengoak egin zuen aurrera EH Bilduko bost ordezkarien aldeko botoekin.

EH Bilduren testuak jasotzen du Elgetako Udalak herriko baso publikoak airez ez fumigatzeko eskaera luzatuko diola Gipuzkoako Foru Aldundiari, eta baso politika berri bat aldarrikatzen du. Jasotzen du kobrea metal astuna eta degradatzen ez dena izanik goiz edo berandu bideratuko dela akuifero edo erreketara.

Oposizioak aurkeztutako testuak sei puntu zituen eta bost babesteko gertu azaldu zen EH Bildu, baina osotasunean bozkatzeko eskaera egin zuen oposizioak. Udal gobernu taldeko kideen desadostasuna eragin zuen puntuak hauxe zioen: “Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen diogu pinuaren gaitzari aurre egiteko euskal planean jaso diren ekimenak eta neurriak aurrera eraman ditzala”. Bigarren puntuak zehazten zuen: “Bertan jasotzen diren ekintzak legediak ezartzen dituen baldintzak eta mugak zintzo bete ditzala”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak