Arima herratu ugari ibiliko da egunotan Elgetan ere

Larraitz Zeberio Lekuona 2018ko urr. 30a, 09:30
Iazko Arimen Gauean sorginak zabaldu zuen atea Maialde hotelean.

Seigarren mailako neska-mutikoek dei egin dute 19:30ean hilerriko eskaileretan elkartzeko, bihar. Gau Beltza da eta hildakoen mundutik etorritako pertsonaia ugari erakutsiko dituzte. Gaur, kalabazak husteko tailerra egingo dute eskolako ganbaran.

Iluna eta luzea izan ohi da Arimen Gaua, eta hemen da berriz. Azken urteetan moduan seigarren mailako neska-mutikoek arima herratu ugari protagonista dituen istorioa eskainiko dute. Berrikuntzak iragarri dituzte, batez ere amaieran. "19:30ean abiatuko gara hilerriko eskaileretatik eta beste hiru geldialdi egingo ditugu herrian: Maialde hotelean, elizpean eta plazan", azaldu du aktore lanak egingo dituzten neska-mutikoak gidatzen diharduen Nerea Villak.

Hamar neska-mutiko dira antzezlan ibiltarian parte hartuko dutenak, eta istorioa sinplifikatuta eta amaiera berriarekin datorrela aurreratu du Villak. Horrekin batera ibilbideak geldialdi gutxiago izango dituela esan du. "Amaieran, petardo-traka izango da plazan eta urtero moduan gozokiak banatuko ditugu".

Gomendioa da etxetik linterna hartuta bertaratzeko.

Kalabaza gutxi aurten

Gaur, martitzena, egin dute Herri Eskolako ganbaran kalabazak husteko tailerra, 18:00etan. Bihar erabiliko dira kalabaza horiek kale bazter ilunak argitzeko. Zaila izan omen da aurten kalabazak aurkitzea. Neska-mutikoei koilara bana eramateko eskatu diete, eta helduei labana bana.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak