Euskaraldian izena emateko dei berezia

Larraitz Zeberio Lekuona 2018ko urr. 27a, 08:00

Euskaraldian izena emateko orria betetzen.

Lau aste gelditzen dira Euskaraldiari hasiera emateko eta oraingoz 107 lagunek eman dute izena, Elgetan. 'Ahobizi' txapa eskatu dutenak 98 dira, eta 'belarriprest' izatea eskatu dutenak bederatzi dira. Batzordeak izena emateko mahaiak ipiniko ditu egunotan.

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean egitekoa den Euskaraldirako hilabete gelditzen bada ere Elgetako Euskaraldia batzordetik lehenbailehen izena emateko dei egin dute. "Txapak iritsi zaizkigu eta banaketa ondo egiteko garrantzitsua izango da zenbat garen eta nortzuk garen garaiz jakitea", esan dute.

Ondo doa izen-ematea, baina Elgetan kopuru handiagoetara iristeko aukera badagoela uste dute batzordean. "Etxetik egin daiteke izen-ematea euskaraldia.eus webgunearen bitartez. Udaletxean eta liburutegian ere herritarren eskura daude izen-emate orriak. Eta hurrengo asteetan hainbat egunetan ipiniko dugu izena emateko mahaia kalean, eta Euskaraldiko materiala ere salgai izango dugu", azaldu dute batzordetik.

'Belarriprest' gutxi

Emandako kopuruek argi erakusten dute desoreka handia dagoela izena eman duten ahobizi-en eta belarriprest-en artean. "Gainerako herrietan ere antzerako egoera ematen da. Ahalegin berezia egin beharko dugu belarriprest direnak ere Euskaraldira gerturatzeko".

Gazteen eta erretiratuen artean ere ahalegin berezia egin beharko dela uste dute. "Batzordetik ekimen asko egin daitezke, baina eraginkorrena zalantzarik gabe ahoz ahoko komunikazioa da. Euskaraldiarekin bat egin duten herritarrek inguruko jendea animatzea garrantzitsua da", esan dute batzordetik.

Ekintza sorta

Ekainean aurkeztu zuten hamaikakoa Elgetan. Ordutik, Goibekok egindako Euskaltzaleen Eguna, bi hitzaldi, Gure Zirkua ikuskizunaren bisita, eta Udalak Torrealdean egindako horma irudia egin dira. Euskaraldiaren aldeko zozketa ere egin da herriko hamaika establezimenduren babesarekin. Zazpi saritu agertu dira, eta lau gelditzen dira azaltzeko. Euskaraldia batzordea laster elkartuko da berriz. Harremanetarako helbidea da: elgeta@euskaraldia.eus.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak