Bost urtetik gorako neska-mutikoendako saioa egingo du Alazne Azkaratek Geaxi Ezpeletaren laguntzarekin. Hiru eta lau urteko umeek heldu baten laguntzarekin hartu ahal izango dute parte. "Bi ipuin aukeratu ditugu. Geaxik kontatuko ditu eta nik antzeztu egingo ditut yoga asanen bidez. Yoga asanak postura estatikoak dira".
Lehenengo ipuina Azkaratek bakarrik antzeztuko du, baina hurrengoan neska-mutikoek ere ipuinean agertzen diren asanak egiteko aukera izango dute. "Helburua da umeei yoga liburuak gerturatzea eta horien bidez yoga bera", esan du Azkaratek.
Ipuin kontaketa berezia izango dela esan du liburutegiko arduradunak, eta parte hartzeko aukera eskainiko duela.
Antzerkia, eguaztenean
Eguaztenean ospatzen da Liburutegiaren Eguna, eta 17:30ean ipuinaren mozorro festa egingo dute Apika taldeko kideek. Liburutegiko altxorrak erakutsiko dituzte eta gozamenerako espazio moduan aurkeztuko dute. Publiko guztiarendako ikuskizuna da.