Hurrengo zapatuan, hilak 27, betiko kantu zaharrak mahaiaren bueltan eta halakoetan adituak diren musikariekin

Larraitz Zeberio Lekuona 2018ko urr. 18a, 11:55
Kantu zahar bazkaria, orain urtebete, El Rincon de Lola tabernan.

Orain urtebete moduan El Rinco de Lola tabernan izango dira Anjel Mariezkurrena dinamizatzailea, Aitor Ibarra tronpetaria, eta Francisco Santxotena soinujolea. Bazkariaren bueltan euskal kanta ezagunenak abesteko aukera emango dute. Zabalik da izen-ematea 35 euroko prezioan.

Bazkaltzeko menua da entsalada epela, patatak errioxar erara, biribilkia saltsan eta postrea kafearekin eta koparekin. Kanturako menua, berriz, betiko kantu zaharrak izango dira: Eperrak, Valdorba, Markesaren alaba, Txoriak txori... "Gure kultura eta gure oinarria dira. Kantu herrikoiak dira, denonak direnak", azaldu du Anjel Mariezkurrenak.

Mariezkurrena, Ibarra eta Santxotena ohituta daude halakoak egiten. "Mahai guztietan liburuak egongo dira eskura, eta musikaren laguntzarekin kantuan emango dugu saioa".

Badira 17 urte Mariezkurrena betiko kantu zaharrak abesteko ohitura berreskuratzeko ahaleginean hasi zela. "Ostatuetan, elkarte gastronomikoetan... aritzen gara eta jendea oso gustura ikusten dugu. Elgetan ere sorpresa oso atsegina hartu genuen duela urtebete. Badago kanturako zaletasuna, jendearen jarreran nabaritu genuen. Jangela bete egin zen, denek hartu zuten parte saioan, eta nabaritu genuen jendeari barrutik ateratzen zitzaiola kantatzea, gainera".

Bazkaldu aurretik pare bat kantu abestuko dituztela esan du Mariezkurrenak. "Euskal Herrian euskaraz kantuarekin hasiko gara seguruenik. Kantu horrekin hastea gustatzen zait. Jendea animatu egiten da".

Eskaerak ere onartuko dituztela adierazi du. "Leku askotan izan gara eta konturatuta gaude herri bakoitzak bere kantuak dituela. Ezagutzen baditugu noski eskainiko ditugula. Beste aukera da hurrengorako ikastea...", esan du.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak