Bi fasetan egin ditu lanak Udalak. Orain dela bi urte, 160 argi puntu ordezkatu zituen eta aurten, 172. Sodio lurrinezko argiak LED sistemara egokitu dituzte. "Udalarena den argiteria publiko ia guztia egokitu dugu. Agintaldi hasieran, lauzpabost farol ziren eta orain, 330 bat argi puntu daude LED sisteman", azaldu du Iraitz Lazkanok.
Bigarren faseko lanak abuztuan hasi ziren eta Leycolan enpresak egin ditu. 55.000 euroko inbertsioa izan da, BEZa kanpo. Proiektuaren %20 finantzatuko du EVE erakundeak.
Udalak aurreikusten du 98.842 kWh aurreztea eta urtean 36.260 kilo CO2 gutxiago isurtzea. Kontsumo energetikoaren %70 inguru gutxituko dela kalkulatzen dute. Kontsumo ekonomikoari dagokionez, zailagoa da zenbakiak egitea; izan ere, energiaren prezio aldaketek eragin handia izango dute.
Argiztapen hobea
Aurrezpen faktorearekin batera, alkateak nabarmentzen du sistema aldaketak eragina izango duela argiztapenaren kalitatean. "Aurrerantzean, farol guztiak egongo dira piztuta. Hau da, ez da lehen egiten zen moduan farol bat piztuta eta hurrengoa itzalita egongo. Ilunpeko 50 metroko tarteak ere ez dira egongo", esan du. "Farolek argia emango dute gauez, nahiz eta intentsitate txikiagoan izan. Hala, aurrezpen energetikoa eta ekonomikoa izango ditugu, eta argi kalitate hobea".
Industrialdeko gune batzuetan gertatzen zen egoerari egiten dio erreferentzia Iraitz Lazkanok. "Tarte batzuetan jarraian zeuden lau farol egoten ziren itzalita. Garbi ikusten genuen hori arazo iturri izan zitekeela; izan ere, argi faltagatik bateren batek min har zezakeen".
Alkateak azaldu du lanak esleitzeko baldintza orriak idazterakoan lehentasunezko irizpidea izan dela legeak ezarritako lum kopurua betetzea. "Taula batzuk egin ditugu, non zein argi kopuru bete behar den jasotzen zen. Bigarren mailakoak izan dira prezioa eta bestelako lizitazio puntuak".
Kantxa, gauez erabilgarri
Sistema aldatzearekin batera hainbat hobekuntza egin dira herriko argiteria publikoan. Horietako bat da aurrerantzean gauez kantxa argiztatzeko aukera izango dela. "Lehen, kiroldegiaren eta kantxaren arteko parketxoan lau farol zeuden. Orain, poste handiagoak ipini ditugu eta lau proiektore ipini ditugu kantxa gauez argitzeko. Bolatoki aldera, berriz, hiru proiektore txiki ipini ditugu".
Alkateak jakinarazi du Bolatoki tabernaren ate ondoko farolean dagoela argia pizteko pultsadorea. "Gaua denean piztuko dira argiak, eta ordubeteko tartean egongo dira martxan".