Herriko nagusienek ondo gogoan dute 1936ko urriaren 4a. Egun horretan iritsi zen gerra Elgetara; izan ere, egun horretan ekin zioten erasoari tropa frankistek. Gudarien eta milizianoen erantzuna jaso zuten bertan eta ezin izan zuten aurrera egin. Zazpi hilabetez eutsi zioten matxinatuen erasoaldiari.
Elgetan urtero egiten dituzte urtemuga gogora ekartzeko ekintzak, eta aurten bisita antzeztua eta Comunicado de muerte izeneko antzezlana daude iragarrita. Domekan, hilak 7, izango dira biak.
Bisita antzeztua
Bisita gidatua Intxorta 1937 kultur elkarteak Udalarekin elkarlanean antolatua da. Boluntario talde baten laguntzarekin gerra garaiko hainbat pasarte irudikatuko dituzte ohikoa den Intxortako ibilbidea izeneko ibilaldian. Gidaria 10:00etan elkartuko da bisitari taldearekin Mendizaleen Plazan pasealdi historikoari hasiera emateko.
'Comunicado de muerte' antzezlana
Abadiñoko Banarte antzerki taldeak eskainiko du, 19:00etan, Espaloia kafe antzokian. Bartzelonako Modelo kartzelan preso egondako Salvador Puig Antich militante anarkistaren eta presondegiko funtzionario Jesus Irurreren arteko adiskidetasun harremanean oinarritzen da antzezlana. Rafael Hercek idatzia, hainbat sari jasotakoa da Comunicado de muerte antzezlana.