Magiak eta umoreak bat egingo dute Karim magoaren Solo para adultos ikuskizunean. Mago asturiarrak punta aterako die egunerokoan senar-emazteen artean gertatzen direnei. "Maitasun istorioak irribarre batekin hasten dira, baina gero zer gertatzen da?", galdetzen dio bere buruari.
Ikuskizuna publiko helduarendako da eta ordu eta laurdeneko iraupena du. "Izan ezkondua edo ezkongabea, gurasoa edo ez, magia zalea edo eszeptikoa... Etorri ez zara damutuko!", adierazi du.
Sarrerak salgai daude Elgetako El Rincon de Lola tabernan zein Maialde hotelean 10 euroan. Leihatilan, 12 euroan salduko dituzte.
Kultur Hiru taldearen hasiera
Hiru hilabeteko iraupena izango duen akordioa sinatu du Kultur Hirurekin Elgetako Udalak, hilean ekintza bat antolatu dezaten. Uztailean sinatu zuten akordioa.
Udalak hainbat egokitzapen egin ditu antzokian. Kultura zinegotzi Janire Lazkanok azaldu du izotz makina konpondu dutela eta biltegia, barra, barraren osteko gelatxoa eta antzokiko beste hainbat gela hustu eta garbitu dituztela. Jangela jaso eta garbitu egin dute eta tabureteak, leihoak eta pertsianak konpondu dituzte. Baita ere barruko hainbat ate eta sarrerako atea. "Teloia ixteko eta itxita mantentzeko sistema ipini da eta hitzarmena berritu da Ser Kontenekin. Gauza batzuk auzolanian egin dira, beste batzuk brigadak egin ditu. Oso lan ona egin dute bertan", gaineratu du.