Liburutegiak bultzatuta boluntario talde batek kontatzen ditu ipuinak, Elgetan, hamabostean behin. Barikuan, hilak 21, ekingo diote betiko martxari, eta hogei minutuko hiru saio izango dira.
"Ipuinen ordu-ra etortzen hasi ziren haurrak haziz doaz eta ipuinekiko, ahozkotasunarekiko, kontatzearekiko hazia, gustua, ereinda dago askorengan. Tamalez, orain arte eskaintzen genituen bi saioetan adin batetik aurrerako haurrek dagoeneko ez zuten bere lekua aurkitzen", azaltzen du liburutegiko arduradun Geaxi Ezpeletak. "Horri erantzun bat emateko proposatzen dugu aldaketa hau. Berdina gertatu zen 2016 ere, Ipuinen ordu-ko tartea saio bakarrean egituratzetik bi saiotan egituratzera pasa zenean. Eta balorazioa oso positiboa izan da".
Hogei minutuko hiru saio
Lehenengo saioa 17:00etan hasiko da eta 8 urteko gelatik aurrerakoendako izango da. 17:30ean hasiko den saioa 5 urteko gelatik gorako neska-mutikoendako izango da, eta 18:00etatik 18:20ra artekoa 2-3 urtetik aurrerakoendako.
Kontalariendako lan apur bat gehiago izango da, baina egitasmoak kalitatean irabaziko duela uste dute. "Boluntarioak gara kontalari jarduten dugunak, eta beste 30 minutuko prestakuntzak exigentzia maila asko igotzen du. Hortik dator saioen iraupena laburtzeko erabakia. Balantzan jarrita, saioak laburragoak izan arren adin tarte zabalago batendako eskaintza bermatzeak dinamika aberasten duela uste dugu. Aspalditik geneukan ardura eta zerbait egin nahia haziz doazen entzuleentzako, eta momentuz hau da gure proposamena", azaldu du Ezpeletak.