Euskaraldiak protagonismo berezia izango du biharko Euskaltzaleen Egunean. Elgetako hamaikakoari ikusgarritasun be rezia emango zaio, eta eskutik eskura herritarrek sokaren punta batetik bestera eramango duten uztaiak ekimenarekin lotutako mezua eramango du. "Egun hau inportantea da euskaltzale guztiondako. Zorionez, Elgetan ez daukagu euskararen kontrako militanterik eta egun honetan edozein herritar jasoko dugu eskuak zabalik jai honetara", adierazi du Goibekoko presidente Ainara Iribarrek. "Euskarak behar ditu bestelako ekintza serioak ere, baina baita jaia. Gure proposamena da denok elkartzea plazan, soka batekin eskuz esku pasatzea euskararen mezua eta aurten, bereziki, Euskaraldiaren motorrak berotzea. Espero ditugu elgetarrak bai sokan, bai bazkarian, bai erromerian... Gozatu euskaraz!".
Euskararen soka Salbador kaletik behera etorriko da aurten, eta 12:30ean izango da. Aurretik puzgarriak, eta Arrasateko gaiteroek girotuko dute goiza. Erromeria Drindots taldeak egingo du, 17:00etan.
Bazkarirako txartelak
Oraindik gelditzen dira bazkaltzeko txartelak. Soka zatiekin eta Euskaraldiko materialarekin batera gaur iluntzean egongo dira eskuragarri plazan. Gogoratu txerri saiheskia erreko dutela Kalitatea Fundaziokoek bazkaltzeko.