Bihar, irailak 7, ekingo diote 2018-2019 ikasturteari Elgetako Herri Eskolako ikasle gehienek. Zuzendaritzatik emandako datuen arabera ikastetxeak 129 ikasle izango ditu aurten. "Haur Hezkuntzan lau gela egongo dira eta Lehen Hezkuntzan bost", azaldu dute.
Aspaldiko talderik handiena ere hartuko du aurten ikastetxeak. "Bi urteko gelan hogei ikasle egongo dira, bi irakaslerekin". Ikastetxeko irakasle taldea hamazazpi lagunek osatuko dute.
Lehenengo lau eskola egunetan jardunaldi trinkoa izango dute ikasleek. "Haur Hezkuntzakoak 12:30ean irtengo dira eta Lehen Hezkuntzakoak 13:00etan. Jantoki zerbitzuko erabiltzaileak 14:30ean irtengo dira". Irailaren 12an hasiko dira goizez eta arratsaldeko jardunarekin.
Goizeko zaintza zerbitzua
Aurreikusita dago ikasturte honetan ere goizeko zaintza zerbitzua egotea. Maala Guraso elkarteak antolatzen du eta astelehenean abiaraziko dute. Hasiera batean 08:00etatik 09:00etara emango dute zerbitzua. Interesatuek elgetakogurasoelkartea@gmail.com helbidera idatzi behar dute.
Prezioak dira hilean egunero ordubete 80 euro, hilabete erdia 40 euro, eta egun solteak 5 euro eguneko. Bonuak ere badaude: 20 euro bost egun.
Haurreskola ere martxan
Gaur, eguena, eman diote hasiera egokitzapenari haurreskolan. 1-2 urte arteko lau erabiltzaile daude oraingoz, eta bi hezitzaile. Zerbitzua, hasiera batean, 8:45etik 16:30era eskainiko dute. "18:30ak arte irekita egoteko aukera dago baldin eta 17:00etatik aurrera hiru ume edo gehiago egongo balira", jakinarazi dute. Arduradunek gaineratu dute izena emateko epea zabalik dela plaza libreak daudelako oraindik. Interesatuek haurreskolan bertan jasoko dute informazio guztia.
Ludoteka zerbitzua zabaltzear
Udal ludotekari dagokionean hilaren 12an zabalduko ditu ateak. 16:00etatik 19:00etara eskainiko du zerbitzua. Interesatuek udaletxean eman behar dute izena.