Orain bi urte egin zuten Euskaltzaleen Eguna lehenengo aldiz, Elgetan. Herritar ugariren parte hartzearekin egin zuten eta deialdiak antzerako erantzuna izatea nahi dute Goibeko Euskaltzaleen Topagunean.
Irailaren 15erako iragarri dute II. Euskaltzaleen Eguna. "Poliki-poliki badoa forma hartzen. Oraingo honetan ere ez dira faltako neska-mutikoendako puzgarriak, Arrasateko gaiteroak, Goibeko Euskaltzaleen Topaguneko txosna eta jai giroa. Euskararen Soka izango da eguneko ekitaldi nagusia. Hala, nahiko genuke euskararen uztaia eskutik eskura iristea plazara", azaldu dute. Bazkaldu osteko erromeria Drindots taldeak egingo duela aurreratu dute. Bazkarirako txartelak irailean jarriko dituzte salgai.
Euskaraldia
Euskaraldiaren urtea da honakoa eta Euskaltzaleen Egunak bat egingo du Euskaraldiarekin. "Iaz eskolatik ekarri zen euskararen ardura plazaraino eta aurten Euskaraldia izango dugu gaitzat. Ahobizi eta Belarriprestak gura ditugu plazaren erdigunean eta horixe izango da erronka".
Bertan irakurriko dute eskutik eskura plazara iritsi ostean uztaiak barruan eramango duen mezua. Euskaraldiako materiala erosteko aukera izango dela, eta Euskaraldian izen-emateko informazioa ere banatuko dutela esan dute.
"Gorde zuen agendetan eguna. Irailaren 15ean denok elkartuko gara plazan. Ahobizi, Belarriprest eta herritar guzti-guztiak daude gonbidatuta".