Karim magoaren ikuskizunarekin emango diote hasiera, irailean, Espaloia kafe antzokiaren aro berriari

Larraitz Zeberio Lekuona 2018ko uzt. 18a, 20:22

Kultur Hiruko Alex Martin eta Iban Arroiabe kultura zinegotzi Janire Lazkanorekin, gaur, Espaloian.

Kultur Hiru taldeko kideek esku artean duten egitasmoaren berri eman dute, gaur, Elgetan. Hiru hilabeteko iraupena izango duen akordioa sinatu dute Elgetako Udalarekin, eta esan dute futbolean bezala "partiduz partidu" joango direla. Lanerako gogoz eta ideia askorekin datozela azpimarratu dute. 

Kultur Hiru taldeko Iban Arroiabe arrasatearrak eta Alex Martin gasteiztarrak agerraldia egin dute gaur Elgetako kultura zinegotzi Janire Lazkanorekin batera. Kafe antzokiaren kudeaketarako alde biek aurreko astean sinatutako akordioaren berri eman dute batera. 

"Elgetako Udalak eremu honi etekina ateratzeko gogoa zuen eta hiru hilabeteko proba txiki bat egiteko akordio batera iritsi gara. Lanera gatoz eta ahalegin guztia egingo dugu ikuskizun onak ekartzeko eta jendea erakartzeko. Ea aretoari bizi berri bat ematen diogun!", esan du Arroiabek.

Bere aldetik Janire Lazkanok esan du Udalak hausnarketa egin duela Espaloiaren inguruan. "Guretzako oso garrantzitsua da herrian kultura ekintzak sustatzea eta ahalik eta kultura ekintza gehien plazaratzea, izan Espaloian izan beste eremu batzuetan. Garrantzi handia ematen diogu Kultur Hirurekin lortu dugun akordioari. Hainbat elkarrizketaren ondorioz lortu den akordioa da eta ikusten dugu Kultur Hiru taldea ilusio eta indar handiarekin datorrela. Uste dugu hitzarmen hau Udalarendako, Espaloiarendako eta herriarendako dela onuragarria. Gure aldetik espero dugu hiruhileko asko etortzea aurretik". 

Aretoa ez da egunero zabalik egongo. Ikuskizun bat dagoenean zabalduko dute. Akordioaren arabera Udalak zein bestelako eragileek antzokian ekintzak antolatzen jarraitzeko aukera izango dute, eta horrelakoetan taberna zerbitzua nahi izanez gero Kultur Hiru taldekoek emango lukete bideragarri ikusiz gero.

Karim irailaren 21ean

Kultur Hiru taldeko ordezkariek jakinarazi dute irailaren 21ean emango diotela hasiera Espaloia kafe antzokiaren ibilbidea berriari, eta Karim magoaren ikuskizun bat iragarri dute. 

Lantaldean kide gehiago ere badirela adierazi dute, eta guztiek dutela eskarmentua mundu honetan, batzuk ostalaritzan eta beste batzuk kultura arloan. 

Aurreratu dute gauza asko dituztela buruan eta ate asko jo dituztela dagoeneko. "Kontzertuak, antzezlanak, bertsolaritza jaialdiak, musika lehiaketaren bat, monologoak... Promotoreak eta artistak hasi dira deika... Ikusiko dugu honi mamia ematen diogun". 

Futbolean bezala "partiduz partidu" joango direla adierazi dute. "Gure konpromisoa, oraingoz, oso umila da.  Ikusi behar dugu aretoak esaten diguten moduan funtzionatzen duen, eta guk ondo funtzionatzen dugun. Uste dugu denondako dela komenigarria poliki poliki joatea", esan du Arroiabek.

Aretoari buruz esan dute oso ona dela. "Ikusi besterik ez dago areto honek eskaintzen diguna. Elgetarako oso ona da eta bailarako jendea erakartzeko puntu estrategikoa da. Akordioa sinatu aurretik lanketa bat egin dugu eta gure inguruko promotoreak ekarri ditugu antzokia ikustera. Asko gustatu zaie".

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak