Iñaki Olaortua (Elgeta, 1993) Racing taldeko jokalaria da. Proposamena jasotzerakoan ez zuen birritan pentsatu, eta bere egin du igoera lortzeko helburua; izan ere, B mailako jokalaria izateko aukera ekarriko luke horrek.
Nondik nora iritsi zitzaizun Racing taldeko jokalaria izateko aukera?
Uste dut urte ona egin nuela Barakaldon eta nire agenteak deitu zidanean esateko Racing taldera etortzeko aukera zegoela ez nuen bi aldiz pentsatu. Azkenean, Bigarren B mailako talde garrantzitsuenetarikoa da, eta igotzea du helburu. Profesionaltasun handia dago hemen. Entrenamenduak ia egunero dira, eta batzuetan goizez eta arratsaldez. Entrenatzeko ditugun instalazioak Lehen mailako talde baten modukoak dira. Azkenean, Racing urte askotan izan da Lehen mailako taldea, eta hori igarri egiten da.
Eta igotzea da helburu nagusia, ezta?
Bai. Racing ezin da Bigarren B mailan egon. Derrigorrez igo behar da Bigarren mailara. Denboraldi honetan ez dago beste helbururik.
Zelan hartu zaituzte taldean? Baduzu ezagunik?
Taldekide izandakorik ez, baina aurreko denboraldietan partiduak jokatzetik ezagutzen ditudan hiruzpalau jokalari bai. Taldeari dagokionean aurreko urteko jokalari batzuk badaude, baina berriak gara dezente eta ez dago oraindik itxita. Fitxaketa batzuk egiteko daude.
Hasieratik ekin diozue baloiarekin entrenatzeari. Garrantzi handia ematen diote Racing taldean?
Joko ezberdina egiten dute hemen. Baloiarekin prestakuntza handia egiten ari gara. Helburua da jokalariok izatea jokoaren pisua eramaten dugunok. Azken finean, gero eta gehiago izan baloiaren jabe aukera gutxiago daude kontrako golak jasotzeko.
Goiz hasi zarete entrenamenduekin, ezta?
Bai, uztailaren 4an hasi ginen. Uste dut lehenengo taldea izan garela. Egunero dugu entrenamendua domekak kenduta, eta batzuetan goizez eta arratsaldez.
Talde aldaketetara ohituta dagoen jokalaria zara. Pauso garrantzitsua da honako hau?
Futbolari ibilbidean pauso berri bat ematea da, eta bizitza pertsonalean ere bai, noski. Ni gustura nago. Azkenean, ia urtero aldatzen dut taldez. Oraingo honetan bi urteko kontratua sinatu dut, eta espero dut bi urte egotea hemen.
Jokatzeko aukerarik izango duzula uste duzu?
Irabazi egin behar da. Jokalari asko gaude postu berdinerako, eta denok merezi dugu. Azkenean, horretarako dago aurre-denboraldia. Dena eman beharko dugu, eta ikusiko dugu zer gertatzen den.
Hartua diozu neurria Bigarren B mailari?
Hirugarren urtea dut Bigarren B mailan, eta txapelketa talde berdinean jarraituko dut. Taldeak eta jokalari gehienak berdinak dira, eta elkar ezagutzen dugu.
Presio handia dago Racing taldean igoera lortzeko?
Kezka dago, baina ilusioa ere bai. Racing ezin da Bigarren B mailan egon. Talde garrantzitsua da, eta ekonomikoki ere ondorioak ditu Bigarren B maila egoteak. Igo egin behar da bai ala bai.
Eta zein da Iñaki Olaortuaren helburua?
Ahalik eta gehien jokatzea eta Racing taldea mailaz igotzea. Niretzako ere beste aurrerapauso bat izango litzateke Bigarren mailan egotea. Aurretik bi aukera izan ditut Bigarren mailan jokatzeko. Errege Kopan eta ligako norgehiagoka bat jokatu nituen Zaragozarekin.
Lesio aldetik nola zabiltza? Forma onean zaude?
Oraingoz oso ondo alde horretatik.