Txikizio ugari izan ziren Elgetan jaietako bariku gauean. Ertzaintzak emandako datuen arabera kaltetuak izan dira Salbador kalean, Domingo Iturbe kalean eta Torrealdean aparkatuta zeuden hamar ibilgailu, irudiotan ikus daitekeen moduan. Leihoak eta atzerako ispiluak apurtu zizkieten. Ertzaintzak hiru salaketa jaso dituela jakinarazi du eta ikerketa zabalik dagoela.
Kaltetuak, berriz, haserre daude. "Ez dago eskubiderik", adierazi du horietako batek. "Aseguruari parte eman eta konpondu dut autoa, baina ederra azioa!".
Apurketak herriko altzarietan ere
Hamar autotan txikizioak eragiteaz gain udaletxetik jakinarazi dute zortzi bat zaborrontzi bere lekutik aterata agertu zirela, baserritarren postontzietako ate mugikorra apurtuta dagoela eta Intxorta elkarteko atzeko aldeko parkean ere kalteak egon direla.
Udalak gaineratu du hiru zuhaitz ere kaltetu dituztela industrialdean. "Lotsagarria da jaiak natural gozatu beharrean bizilagunari kalte egitea. Elgetako Udalak ere salaketa jartzeko asmoa du", adierazi du sare sozialen bitartez.