Elgetako Udalak hilero egiten du Intxortako ibilbide gidatua ezagutzeko eskaintza. Bisita horiek lehenengo eta azken domeketan izaten dira, eta uztailean ere horrela izango da. Bisitari gehiago erakartzeko helburuarekin, ordea, beste formatu bateko eskaintza ere egingo dute, aurten, Elgetan.
Turismo teknikari Ainhoa Bernabek azaldu du ohikoak diren hiru orduko ibilbide gidatuez gain ordu eta erdiko bisitak ere eskainiko dituztela aurten. "Hala, bisitariak aukera paregabea izango du Asentziotik hasita Espainiako azken gudako ezaugarriak eta Intxorta magaleko baliabideak ezagutzeko, eta oroimen historikoa jorratzeko".
Memoria historikoaren euskal interpretazio zentroan egiten den bisita zatia da formatu berriko eskaintza honetan kentzen dena. Uda parteko eskaintza denboraz motzagoa eta aire zabalean izateak bisitari gehiago erakar ditzakeela uste dute Elgetan.
Barikuetan eta zapatuetan
Uztaileko lehenengo eta azken domekako bisita gidatuak 10:00etan abiatuko dira Memoria historikoaren euskal interpretazio zentrotik eta ohiko moduan hiru bat orduko iraupena izango dute. Museoan dagoen materiala eta lubakien gunea ezagutzeko aukera izango da bertan.
Formatu berriko bisita motzagoak uztaileko barikuetan eta zapatuetan eskainiko dituzte; barikuetan 11:00etan eta 16:00etan eta zapatuetan 11:00etan. Bisitariak eta gida Asentzioko aparkalekuan elkartuko dira, Intxortako Atea eskulturaren ondoan.
Bisita edozein izanda ere izena eman behar da aldez aurretik Debagoienako mankomunitatean edo Elgetako udaletxean:
- Mankomunitatea: turismo@debagoiena.eus / 943 79 64 63
- Udaletxea: turismoa@elgeta.eus / 943 76 80 22
Bisitaren prezioa da hiru euro. Doan da 12 urtetik beherakoendako.
Informazio gehiagorako:
- turismoa@elgeta.eus
- 943 76 80 22
- www.elgetamemoria.eus