Elgetako udalbatzak aho batez agertu du Euskaraldiarekiko konpromisoa

Larraitz Zeberio Lekuona 2018ko eka. 27a, 13:18

Elgetako udalbatza atzo egindako osoko bilkuran. (Argazkia: Aner Fernandez)

Ordezkari politikoek atzo egin zuten ekaineko osoko bilkura. Hartutako gainerako erabakien artean nabarmentzen dira sentsibilizazio programako kontratuaren esleipena Gureak enpresari egitea, eta berritzea Udalak Kutxa Ekogunearekin baratze publikoen inguruan duen hitzarmena.

Udal ordezkariek hainbat gai izan dituzte mahai gainean ekaineko osoko bilkuran. Horien artean, Euskaraldiari atxikimendua agertzeko adierazpen instituzional bat. Aho batez onartu dute. Hala, udalbatzak bat egiten du ekimenarekin eta sustatzaile izango da. Egitasmoa zabaltzeko konpromisoa hartzen du Udalak eta herritarrak bertan parte hartzera gonbidatuko ditu. Ordezkari politikoek, gainera, belarriprest edo ahobizi izango dira Euskaraldian, azaroaren 23tik abenduaren 3ra.

Aho batez onartu zuten adierazpena, baina Gu Geu Elgetako ordezkariek antzerako adierazpenak modu bateratuan aurkez daitezkeela adierazi zuten. Ekimenaren berri jaso ez izana azaldu zuten.

Baratze parkea

Udalak, bestalde, berritu egingo du baratze publikorako hitzarmena Ekogunearekin. Premia berriak agertu direla adierazi du Iraitz Lazkano alkateak eta txertatu egin direla hitzarmen berrian. Kontratua 2021eko abenduaren 31ra artekoa izango da eta prezioa da 2.874 euro urtean, BEZ barne.

Ekoguneak aholkularitza zerbitzua, lurren analisia, eta urtean hitzaldi bat egingo ditu. Iraileko baserritarren azokan parte hartzeko konpromisoa hartzen du, eta urtean behin garbitu egingo du baratze parkearen ingurua.

Gureak

Sentsibilizazio programako kontratua dela-eta Udalak Gureak enpresari egingo dio esleipena. Iraitz Lazkano alkateak adierazi du bi enpresa aurkeztu direla baina Gureak dela puntuazio handiena lortu duena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak