Gorputza astintzeko doinu dantzagarri ugari izango da Elgetako Ferixa Nagusiko jaietan

Larraitz Zeberio Lekuona 2018ko eka. 25a, 10:25
Skasti taldea emanaldia egiten. (Iturria: Skasti)

Eguenean emango diote hasiera Ferixa Nagusiko jaiei, Elgetan. Jai batzordeak prest du egitaraua. Musika eskaintzari dagokionean erromeria taldeak izango dira aurten nagusi: Garilak 26, Skasti, eta Mugi Panderoa nabarmentzen dira. Txaranga eta elektrotxaranga ere izango dira, eta barikuan dantza emanaldia egingo du Tio Teronen Semeak taldeak.

Egunero izango da musika edo dantza emanaldia Elgetako Ferixa Nagusiko jaietan. Eguenean, Garilak 26 erromeria talde bizkaitarrak egingo du kontzertua; eta barikuan, Skasti talde zarauztarrak rock, pop, indie eta funk doinuak ekarriko ditu. Luze joko du bariku gauak; izan ere, DJ Bull-ek hartuko die lekukoa Skasti taldekoei.

Herri Egunean, urtero moduan, Jainaga eta Narbaiza trikitilariek girotuko dute bazkalostea. Plazako erromeria, berriz, Mugi Panderoak taldeak egingo du. Txaranga eta elektrotxaranga ere izango dira aurten jaietan. Eguenean, Eonian elektrotxarangak girotuko du mozorro jaitsiera eta Herri Eguneko kuadrillen arteko jokoetarako Ustekabe txaranga dago iragarrita. Hasi berria den Ingou talde bergararrak ere tartea izango du zapatuan.

Dantza ikuskizuna barikuan

2018ko Ferixa Nagusiko jaietan ez da zezenik izango. Horren ordez, barikuan, emanaldia egingo du euskal dantza tradizionala eta umorea uztartzen dituen Tio Teronen Semeak musika eta dantza taldeak. FreshCool ikuskizuna egingo dute.

Karaoke lehiaketan bi kategoria

Domeka arratsalderako, eta iaz izandako harrera ona ikusita, aurten ere karaoke lehiaketa antolatu du jai batzordeak. Berrikuntza da oraingo honetan bi kategoria izango direla: 14 urtera artekoak eta 15 urtetik gorakoak, nagusiak ere anima daitezen. Parte hartzaileek kantu zerrenda bat izango dute abestiak aukeratzeko. Izena emateko, danonartian@elgeta.eus helbidera idatzi behar da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak