"Elgetarrok gaur egingo dugu Euskaraldiaren lehen ekitaldia, herrian. Hamaikakoaren aurkezpena egingo dugu 20:00etan plazan, eta talde argazkia aterako dugu ekimena martxan dugula zabaltzeko", adierazi du Euskaraldia batzordetik.
Hizkuntza ohituretan eragitea eta euskal hiztunak aktibatzea ditu helburu azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean egingo den Euskaraldiak. "Ahobizi zein belarriprest izatera deituko ditugu elgetarrak, baina aurretik beste hainbat tokitan moduan herriko hamaikakoa aurkeztuko dugu. Pozik gara Euskaraldia batzordeko kideak; izan ere, hamaika lagunetik gora azaldu da prest Euskaraldiaren enbaxadore izateko. Gaur elkartuko ditugu hamaika lagun horiek herriko plazan eta argazkia aterako dugu".
Euskaraldiak ekintza gehiago ere ekarri dituela adierazi dute batzordetik. "Azaroaren 23ra bitartean ondo azaldu beharko dugu zer den Euskaraldia eta zer den ahobizi eta belarriprest izatea. Herritarrak Euskaraldian parte hartzera deituko ditugu. Batzordean joango gara horiek guztiak lotzen".
Herritarren babesa ezinbestekoa
Gaur Elgetako hamaikakoa izango da protagonista eta herritarren babesa ezinbestekoa dela adierazi dute deitzaileek. Hain zuzen ere Euskaraldia batzordean dira udal ordezkari gehienak, Kantsatzeke mendi taldea, Goibeko Euskaltzaleen Topagunea... Herritarrak gaurko aurkezpenean parte hartzera deitu dituzte. "Elgetak arnasgune izaten jarraitzea nahi badugu denon indarra izango dugu beharrezko".