Elgetako pilotalekua zuri-gorriz jantzi zuten bertan bildu ziren Athletic Club taldeko zaleek. Elgeta Zurigorri Eguna eta III. Gipuzkoa Zurigorri eguna ospatzeaz gain, Intxortako Lehoiak taldeak 10 urte bete dituela ospatu zuten. Horrela, Elgetara Jose Angel Iribar eta Carmelo Cedrun atezain mitikoak eta Koikili Lertxundi jokalari ohia gerturatu ziren. Angel Mari Peñagarikano bertsolaria ere bertan izan zen eta hainbat bertso abestu zituen.
Ekitaldian, omenaldia jaso zuen, gainera, Haritz Gallastegi kazetari elgetarrak. Gallastegi Athleticen partidetako esataria da Euskadi Irratian, eta ekitaldia girotzen izan zen atzo. Hala, espero ez zuen omenaldia jaso zuen zale zuri-gorrien aldetik: "Denek zekiten saritu behar nindutela, nik izan ezik. Sorpresa handia izan da, hizlari moduan etorri naizelako", onartu zuen Haritz Gallastegik.
Elgeta Zurigorri Egunera Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako hainbat lagunartetako ordezkariak gerturatu ziren, baita Segoviako talde batetako kideak ere.