Bi gaztelu puzgarri eta zezen mekanikoa izan zituzten Elgetako neska-mutikoek, atzo, Beheko kaleko jaietan. Jai batzordeak iragarrita zeukan bosgarren urteurrena izatera jai bereziak izango zirela aurtengoak, eta inor gutxik espero zituen hainbeste puzgarri.
Helduendako Baobeer garagardo dastaketa egon zen eta buruhandien ostean Unai Cantabranaren kontzertua. Oso ondo aritu zen elgetar gaztea. Gitarra lagun errepertorio zabala eskaini zuen eta oso gaztea izanagatik kanturako baduela zerbait berezia erakutsi zuen beste behin.
Beheko kaleko jaiek gaur arratsaldean izango dute jarraipena. Bizikleta lasterketa, Amaia Txintxurretaren DJ festa, auzo afaria eta Gauargi taldearen erromeria daude iragarrita.