Gaur eta bihar jaiak izango dituzte Torrealdea auzoan. Egun bakarreko jaiak izan dira orain arte, baina aurtengoan ahalegin berezia egin dute jai batzordetik eta bi egunez izango dira ekintzak. "Bosgarren urteurrena dugu eta horregatik erabaki dugu eguenean ere hainbat gauza egitea", esan dute antolatzaileek.
Gaur, 16:30ean hasita izango dira ekintzak Torrealdean. Umeendako puzgarriak, aurpegia margotzeko tailerra eta buruhandiak daude iragarrita. Txupinazoa 19:00etan izango da eta 19:15ean kontzertua egingo du Unai Cantabranak. Baobeer garagardo dastatzea ere izango da.
Bihar ekitaldi gehiago
Bihar, barikua, ekintzak 17:00etan hasiko dira, neska-mutikoendako bizikleta lasterketarekin. Arrakasta izan ohi du probak. "Zirkuitua iazkoaren antzerakoa izango da eta bi maila egoten dira", adierazi du jai batzordeak. Sari banaketaren ostean etorriko dira buruhandiak, Amaia DJren saioa, auzo afaria, Gauargi taldearen erromeria eta mojito jaia.
Dozena bat auzokideren laguntzarekin egiten dira jaiak. "Aurten lau saski zozketatu ditugu eta aste honetan beste bi ipiniko ditugu; bata El Rincon de Lola tabernan eta bestea auzoko barran. Saskiak eta taberna dira gure diru sarrera nagusiak. Udalak 240 eurorekin laguntzen digu", esan dute. "Aurten ere auzoko jaiak pasa ostean elkartuko gara erabakitzeko ea hurrengo urtean festekin aurrera jarraitu edo ez".