Elgetako Euskaraldia batzordea osatzen duten eragileak astelehenean elkartu ziren bigarren aldiz. Jakinarazi dute prest dutela hamaikakoa eta martitzenean egingo dutela aurkezpen ekitaldia, 20:00etan.
Hala, hamaika herritar agertuko dira Euskaraldiaren enbaxadore moduan eta animatuko dituzte gainerako elgetarrak Euskaraldian parte hartzera. "Egia esan, hamaika lagunek baino gehiagok eman diote baiezkoa enbaxadore lanak egiteari. Milesker guztiei", adierazi dute batzordetik.
Euskal Herri osoko 400 herritik gora daude izena emanda azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean egingo den Euskaraldirako, tartean Elgeta.
Hamaikakoaren aurkezpen ekitaldiarekin eman gura diote hasiera Euskaraldiari Elgetan. Euskaraldiaren Elgetako enbaxadoreekin batera izango dira ekitaldia Ahobizi eta Belarriprest panpinak. "Animatu eta gerturatu; izan ere, herritar guztiak daude deituta aurkezpen ekitaldi horretan parte hartzera. Talde argazkia ere aterako dugu", esan dute batzordetik.
Webgunea ere martxan
Aste honetatik, bestalde, Elgetako Euskaraldiak badu atari digitala. Bertan joango dira aurkezpenen, izen-emateen, albisteen eta agenda kontuen berri ematen.