Pozik da Imanol Albizu urrezko binakako harri-jasotze txapelketan egindako lanarekin: "Peña primerako bikote-laguna izan da, eta sumatzen dut harriari eskua hartzen hasi naizela. Ez da urtea bete harria jasotzen hasi naizela berriz, eta poliki-poliki gorputza erantzuten hasi da, eta plazan kontrol handiagoa dut", adierazi du.
Xabier Peñagarikanorekin batera, Imanol Illarramendi Kortaberri eta Mikel Lopetegi Urra izan zituen aurrez aurre domekan Azpeitian jokatutako finalean. Harri zilindrikoarekin jasoaldi bat gutxiago egin zuten eta kubikoarekin, bi gutxiago. "Indarrak gordetzea erabaki genuen. Irabazteko, bolarekin 57 jasoaldi egin behar genituen, eta 58 egin genituen", azaldu du.
Gehiagorako indarrik zegoen galdetuta, erantzuna izan da: "Nahiko beteta amaitu genuen, bero sargoria zegoen".
Entrenatzen jarraituko du Albizuk. Ekainaren 22an du hurrengo saioa, eta uztailaren 8an Soraluzeko San Andres harri-jasotze sarian izango da. "Mallabian entrenatzen gara. Harriarekin bi saio egiten ditugu astean, eta gero, gimnasioa", azaldu du.
Uztailaren 15ean jokatuko den Gipuzkoako txapelketan ere lehiatuko dela esan du. Hori guztia, harategiko lanak albo batera utzi gabe, noski!