11:00etarako jendez lepo zegoen Elgetako bolatokia; parte-hartzailez, eta baita ikuslez ere. Beroketa ariketa moduan jaurtiketa saiotxo bat egin dute, bolatokiari neurria hartu eta lehiatzen hasteko.
Hiru txirlo modalitatean jokatzen den Lehendakari Txapelketa-ri hasiera eman diote jarraian. 64 lagun zeuden izena emanda, baina azkenean 51 aurkeztu dira –horietatik hiru emakumezkoak–. Bazkal ordura arte aritu dira lehian, eta sailkapena halaxe geratu da:
- 1. postua: Roman Arrizabalaga (Lastur)
- 2. postua: Xabier Loiola (Elgoibar)
- 3. postua: Juantxo Jimenez (Bergara)
- 4. postua: Javier Osoro (Elgoibar)
Elgetar onena erdi-elgetar erdi-markinar den Antonio Ibarluzea izan da, eta parte hartu duten hiru emakumeen artean Sonia Gomez izan da finen aritu dena.
Bazkaria eta omenaldia
Behin txapelketa amaituta, 63 lagun batu dira Elgetako bola-tokiko gimnasioan bazkaltzeko. Txapelketako tentsioa alde batera utzi, eta jokaldirik onenak errepasatzeko aukera izan dute.
Bazkal ostean, Biotza Azpiri eta Arlindo Almeida omenduko dituzte. Hala azaldu du Elgetako Bolarien elkarteko lehendakari den Mikel Urkiak, zein arrazoirengatik omendu dituzten.
"Beti ahalegintzen gara bolarien munduan aktiboak izan diren pertsonak omentzen. Bi hauek lan handia egin dute, batez ere, bola-toki zaharrak txukun jartzen. Urteek aurrera egin ahala, gero eta hautagai gutxiago geratzen dira. Belaunaldi gazteek ez dute bola-jokoaren testigua hartu, eta beste kirol batzuk nahiago dituzte. Baina gu ez gaude amore emateko, eta bola-jokoarekiko zaletasuna dagoen artean hemen izango gara".