"Antzuolarekin batera kilometro bat bete behar dugu —500 pertsona— eta 300dik gora goaz, azken txanparen zain. Jendea azken momentura arte uzten ari da", adierazi dute Elgetako Gure Esku Dago lantaldetik. Oraingoz autobus bat bete dutela jakinarazi dute. "Herri bakoitzak domeka gauerako esan behar du zenbat autobus beharko dituen. Guk ere domeka jarri dugu azken eguna autobuserako. Asteburu honetan bigarrena betez gero beste bat eskatuko genuke. Bestela, horrela geldituko da", esan dute. Elgetarrei Maltzagatik Elgoibarrera doan tartea egokitu zaie giza-katea egiteko. "Autobusean joateko eskatzen dugu ez baitago aparkatzeko lekurik. Autoak Eibarren edo Elgoibarren utzi beharko dira".
Izena emateko dei berezia
Elgetan kultura etxeko zeramika gelan jasoko dituzte azken izen-emateak gaur 19:30etik 21:00etara eta domekan 12:30etik 14:00etara. Ekainaren 8an ere bai, 18:00etatik aurrera.