Herriko emergentzia plana eta udal eraikinen auto babeserako plana egingo dituzte Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2018ko mai. 30a, 12:26
Elgetako udalbatza atzo egindako osoko bilkuran. (Argazkia: Aner Fernandez)

Udal gobernutik aurreikusten dute pare bat urteko lana izango dela, eta 2018an 1.900 euro bideratuko dituzte egitasmo horretara. Bestalde, emakumeen pilota master cup txapelketako egun bat antolatzeko 1.500 euroko kreditu aldaketa onartu zuen, atzo, udalbatzak.

Maiatzeko udal osoko bilkuran hartutako erabakien artean nabarmentzen da herriko emergentzia plana zein udal eraikinen auto babeserako plana egiteko 1.900 euroko kreditu aldaketa. 2017ko gerakinetik finantzatuko da egitasmo hori, eta baita ere emakumeen pilota master cup txapelketako egun bat antolatzeko 1.500 euroko kreditu aldaketa bat.

Emergentzia planarekin lotuta Iraitz Lazkano alkateak azaldu zuen 2017ko lege aldaketa baten ondorioz datorren egitekoa dela, eta aurreikusi barik zegoela aurrekontuan. "Emergentzia plan horrek barne hartu behar ditu bai udal eraikinak bai industrialdeko enpresak eta abar. Beraz, nahiko luze jo dezakeen kontua da eta komenigarri ikusten dugu lehenbailehen hastea".

Gu Geu Elgetako ordezkariak abstenitu egin ziren. "Aurrekontuan abstenitu egin ginen. Koherentziaz, horrelako beste kreditu gehigarri batean abstenitu egin ginen, eta oraingoan ere berdina egitera goaz", esan zuen Gu Geu Elgetako Mikel Larreak. "Egin beharreko gauzak dira eta emergentzia plana legea betetze aldera egin beharreko gastu bat da, baina pentsatzen dugu horrelako lege betetze asko dituela Udalak egiteko. Ziurrenik egongo dira karpeta batean legeak agintzen dituen beste hainbat gastu, eta haiek atzeratuta edo egin barik gelditzen dira. Gehienbat, lehentasunak markatzea faltan sumatzen dugulako abstenitu egingo gara", azaldu zuen.

Iraitz Lazkano alkateak erantzun zion emergentzia plana ez dela soilik legeak agintzen duelako egin beharreko zerbait. "Hau egin gabe egonda hekatonbe itzela gerta daiteke. Ez da txantxetako kontu bat, eta batzordean ere aipatu genuen plan hauek egin gabe edukitzeagatik etor daitezkeen isunak Udalaren aurrekontuak besteko zero dauzkala. Uste dut hau bai edo bai egin beharreko gauza bat dela. Batez ere, Madrid Arenan gertatutakoaren ostean bultzatutako gauzak dira eta ez dut uste aukera bat denik egin barik uztea".

Onartutako kreditu aldaketaren ostean 2017ko gerakinetik 26.000 euro pasatxo gelditzen direla azaldu zuen atzoko osoko bilkuran Iraitz Lazkano alkateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak