Hilabete falta da Elgetako Ferixa Nagusiko jaietarako

Larraitz Zeberio Lekuona 2018ko mai. 25a, 08:30
Gazte taldea iazko jaietako Mozorro Egunean, plazan.

Jai batzordeak lotuta dauzka ekitaldi nagusiak eta musika kontuetan Garilak 26, Skasti, Mugi Panderoa eta Amaia DJ izango dira plazan. Kartel lehiaketara aurkeztutako lanak, berriz, astelehenetik aurrera izango dira ikusgai botoak jasotzeko.

Ferixa Nagusiko jaietako programa ia itxita dago eta 40.000 euro inguruko aurrekontua izango dute festek aurten ere. Jai batzordeak urtarriletik dihardu lanean eta aurreratu dutenez lotuta daude musika taldeak zein ekintza nagusiak.

Herriko plazako musika emanaldiei dagokienean eguenean Garilak 26 talde bilbotarrak egingo du kontzertua. Bariku gaueko erromeria Skasti taldeak egingo du eta DJ Bull-ek hartuko du lekukoa ondoren. Zapatuan, urtero moduan, Jainaga eta Narbaiza trikitilariek girotuko dute bazkalostea, eta gauean Eibarko Mugi Panderoa taldeak egingo du erromeria. Tartean, 20:00ak aldera, Bergarako talde batek ordubeteko kontzertua eskainiko du. Talde sortu berria da eta Elgetako jaietan jotzeko eskaera egin dutela adierazi dute jai batzordetik.

Domeka arratsaldean, berriz, karaoke formatuko saioa egingo du Amaia DJk. Iaz moduan, herritarrak izango dira protagonista baina aurten bi kategoria izango ditu lehiaketak; 14 urtera artekoak eta 14 urtetik gorakoak. Berrikuntza hori helduei ere karaokean parte hartzeko aukera emateko da. "Elektrotxaranga bat ere izango dugu jaietan", adierazi du Iraitz Lazkano alkateak. "Aurreko urteko jaien ostean herritarrek betetako inkesten bitartez jasotako proposamena da, eta Eonian elektrotxaranga izango dugu brindis ekitaldiaren ostean".

Laguntzaile kanpaina berria

Jai batzordetik aurreikusten dute programa ekain hasieran bidaltzea inprentara eta etxez etxeko banaketa jaiak hasi baino pare bat aste lehenago egitea.   Une honetan Elgetako enpresen erantzunaren zain dago Udala. "Eskutitzak bidali ditugu enpresa guztietara laguntzaile izateko proposamen eginez", azaldu du Lazkanok. "Orain arte Leongo enpresa batek egin du lan hori, eta aurten Udalak egingo du. Enpresa guztiei emango diegu herriko jaietako programan publizitatea sartzeko aukera. Aurreikusten dugu erantzunak jaso eta ekaineko lehen asterako programa inprentara bidaltzea".

Kartel lehiaketa

Lerrook idazterakoan Udalak sei lan zituen jasota kartel lehiaketarako. "Aurten ere herritarrek aukeratuko dute jaietako kartela", esan du alkateak. "Erakusketa ipiniko dugu eta herritarrek Hirix plataformaren bitartez izango dute gustukoena dutenari botoa emateko aukera". Botoak astelehenetik aurrera eman ahalko dira eta ekainaren 4ra bitartean.
Dantza erakustaldi berezia
Herri Egunean udalbatzaren soka dantza eta neska-mutikoen euskal dantzen emanaldia izango dira oraingoan ere. Aurten, ordea, bada berezitasunik; izan ere, herritar talde batek Elgetarako propio sortuak izan ziren bi dantza berreskuratuko ditu: Arratera begira  eta Egoarbitza dantzak, hain zuzen ere.

Zezenik ez, aurten

Iaz egun bakarrean egon ziren zezenak Ferixa Nagusiko jaietan eta aurten ez da batere egongo. Zapatuan, iaz moduan, kuadrillen arteko jolasak izango dira bazkalostean, eta barikuan dantza ikuskizun bat. 19:00etan, Tio Teronen Semeak izeneko dantza taldeak egingo du emanaldia.

Bestelakoetan, jai batzordeak mantendu egingo ditu domeka goizaldeko puzgarriak helduendako, eta sortu berria den emakume taldeak photocall feminista egingo du herri bazkari ostean.

Domekan, jaiei izena ematen dien feria izango da Elgetan. Baserritarren batzordetik jakinarazi dute postua ipintzeko interesa dutenek zabalik dutela izena emateko epea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak