Egun osoko egitaraua gertatu du Athletic taldeak Elgetan duen lagunarteak ekainaren 16rako. Hamaiketakoa, kalejira txikiteoarekin, bazkaria, omenaldi ekitaldia, DJ festa... Prestaketa lanetan buru-belarri dihardute, eta honezkero 80 lagunek eman dute izena bazkarirako.
Orain hiru urte egin zuten lehenengo Zurigorri Eguna Gipuzkoako Athleticzaleek. Tolosan izan zen, eta Zarautzen egin zuten iazkoa. "Gure lagunarteak hamar urte bete dituela-eta hirugarrena Elgetan egitea proposatu genuen, eta onartu egin ziguten proposamena", azaldu du taldeko kide Javier Gamarrak. "Talde zuri-gorriak Gipuzkoan dituen zaleak elkartzeko aitzakia da Zurigorri Eguna. Elkar ezagutu eta lagunarteko bazkaria egiten dugu. Baliatzen dugu aukera, baita ere, Athletic taldearen alde lan egiten duten gipuzkoarrak omentzeko". Iaz, Zarautzen, Jose Angel Iribar omendu zuten. Ikusteko dago Elgetan nor omenduko duten. "Badugu hautagaia, baina sorpresa da", esan du Gamarrak.
Elgetako Zurigorri Egunean bereziki gogoan izango dituzte Jose Monterroso eta Joxan Urizar. "Ez dugu ekitaldi berezirik egingo, baina oso gogoan izango ditugu. Taldearen sorrerakoak dira, eta zoritxarrez joan egin zaizkigu. Modu batean edo bestean egun horretan gurekin egotea nahiko genuke".
Ehun lagunetik gora
Antolatzaileek ehun lagunetik gora espero dituzte ekainaren 16ko festa egunerako. "Tolosan eta Zarautzen 120-130 inguru izan ginen. Zapatua izatera pentsatzen dugu gehiago izan gaitezkeela Elgetan. Ikusiko dugu", esan du Gamarra. Oraingoz, 80 lagunek konfirmatu dute parte-hartzea bazkarirako. "Maiatzaren 31era arteko epea eman dugu izena emateko, baina luzatu egin beharko dugu jendea tarte handiagoa eskatzen ari delako".
Gamarrak jakinarazi du Athletic taldeak ordezkaritza ofiziala bidaliko duela Elgetara, eta oporretan daudelako jokalariak etortzea zaila izango bada ere eskaera hori ere eginda dutela.
35 laguneko lagunartea
Elgetako lagunarteak 35 kide ditu gaur egun. "Partiduetara joaten gara, irteerak egiten ditugu...", azaldu du Gamarrak. "Gustatuko litzaiguke Elgetako realzaleek ere lagunartea osatzea. Saiakera bat egin zuten, baina hor gelditu zen kontua. Polita izango litzateke. Lehia osasuntsu hori gustatzen zaigu. Ea animatzen diren", esan du Javier Gamarrak.