Badator, aurten ere, Puntaik Punta jaialdia. Debagoieneko Bidezidorren Jaialdiak hirugarren edizioa izango du honakoa eta Aretxabaletan kokatuko dira ekintza nagusiak.
Aurten ere bidezidorretan ibiltzeko eskaintza zabala eskainiko dela adierazi dute antolatzaileek, eta distantzia eta zailtasun askotariko proposamenak egongo direla. Horiek, gainera, adin askotariko publikoari egokituak. Ekintzak ekainak 15ean, 16an eta 17an izango dira.
Bi irteera Elgetan
Elgetari dagokionean Puntaik Punta jaialdiaren barruan bi ekintza egingo dira herrian. Lehenengoa ekainaren 16an Kantsatzeke Mendi Taldearen eskutik egingo den mendi irteera da. "Elgetatik abiatuta lehenengo Azkonabitzara joko dugu. Bertatik, Bergaralde osoa bistan izango dugu eta baita Udalatx, Kurutzeberri eta Aloña aldea ere. Karabietara jaitsi ondoren Egoarbitza izango da hurrengo helburua, eta hemendik, berriz, Bizkaialdea izango dugu begi bistan: Durangalde osoa Bilboraino, Anboto, Oiz; eta baita Debabarrena ere: Eibar, Urko, Arno…, eta eguraldia lagun, itsasoa ere bai", adierazi dute mendi taldetik.
Mendi irteeran parte hartzeko aurrez izena emateko eskatu dute: 943 79 64 63 – puntaikpunta@debagoiena.eus
Bigarren proposamena biharamunerako da, ekainaren 17rako; izan ere, Intxortako lubakien gunera bisita gidatua egiteko aukera izango da Elgetan. Taldea 10:00etan abiatuko da Memoria Historikoaren Euskal Interpretazio Zentrotik eta ezinbestekoa da aurrez izena ematea: 943 79 64 63 – puntaikpunta@debagoiena.eus
Puntaik Punta jaialdiaren egitaraua osoa eta informazio gehiago hemen.