Urrezko Binakako Harri-jasotze txapelketako jardunaldia izan da gaur, domeka, Hernialden. Hiru bikote aritu dira lanean: Iban Ugartemendia-Joseba Ostolaza, Imanol Illarramendi Kortaberri-Mikel Lopetegi Urra, eta Xabier Peña-Imanol Albizu Goikoetxe.
Elgetan bizi den elgoibatarrak eta Peña Aizarnazabaldarrak lan bikaina egin dute, eta batera 9.801 kilo altxatu dituzte jardunaldiko markarik onena eginez. Hori bakarrik ez, gaurko markak sailkapeneko lehenengo postuan kokatzera eraman ditu; izan ere, guztira eta bien artean 18.889 kilo altxatuta baitituzte. "Ia ziurtatuta dute ekainaren 3an Azpeitian jokatzekoa den finalerako txartela", adierazi dute txapelketaren jarraipena egiten duten Egur Sport HK kanalean.
Peñak zazpi bidez altxatu du 163 kiloko zilindro zaharra (1.141 kilo) eta Goikoetxek hogei aldiz altxatu du 113 kiloko kubikoa (2.260 kilo). Txandaka, berriz, 64 bider altxatu dute ehun kiloko bola bien artean (6.400 kilo).
Gainerakoen lana
Imanol Illarramendi Kortaberri-Mikel Lopetegi Urra bikoteak 9.277 kilo altxatu ditu Hernialdeko jardunaldian. Iban Ugartemendia-Joseba Ostolaza bikoteak, berriz, 8.314 kilo altxatu ditu gaurkoan. Irudian, Imanol Albizu Goikoetxe, gaur, Hernialdeko jardunaldian lanean.