EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntzan, irakasleen mahai sektorialean, akordioa lortu dute LAB, Steilas, CCOO eta UGTk eta Lakuako Gobernuak. ELAk ez du sinatu.
Akordioak aurreikusten duenez, irakasleen ordezkapenak etapa guztietan lehen egunetik kubrituko dira, gaixotasun bajak ez dira zigortuko eta 60 urtetik gora dituzten karrerako irakasle funtzionarioei lanorduak heren bat murriztuko zaizkie. Haur hezkuntzako 3 urteko geletan plantillak indartzea jasotzen du, hogei ikasletik gorako ratioa bada, eta enpleguaren behin-behinekotasuna %27tik %17ra murrizteko ere hainbat neurri jasotzen dira, hala nola 2020ra arte gutxienez 5.000 lanpostuko enplegu eskaintza publikoa deitzea.
Akordioa lortu denez Elgetako Herri Eskolako langileek jakinarazi dute amaitu direla elkarretaratzeak. Gaur erretiratu dute Euskal Eskola Publikoa borrokan zioen pankarta.