Mari Carmen Salasi emango dio Udalak kiroldegiaren eta Bolatoki taberna-jatetxearen ustiaketa zerbitzua. Hiru urteko kontratua izango da, beste bi urtez luzatzeko aukerarekin eta urtean 2.400 euroko errentaren truke, BEZ barne.
"Bi interesatu aurkeztu dira eta kontratazio mahaian ikusi genuen biek betetzen zituztela baldintzak. Hala, bigarren bilera batean begiratu genituen egindako eskaintza ekonomikoak eta baldintza orrietan jasotzen ziren ezaugarriak betetzen zituzten. Bi irizpide horiek baloratuta eskatzaileetako batek 21,98 puntu eskuratu zituen eta besteak 35 puntu", azaldu du Iraitz Lazkano alkateak. Azken hori Mari Carmen Salasen proposamena zen eta udalbatzak aho batez onartu zuen atzo esleipena egitea.
Esan daiteke esperientzia egiaztatzeak paper garrantzitsua izan duela, eskaintza ekonomiko hutsaren gainetik. Udaletik jakinarazi dute eskaintza ekonomikoari dagokionez, Maria Cobok egin duela eskaintza onena, eta ondorioz atal horretako puntuzio onena berak jaso du. Esperientziari dagokionez, ordea, Mari Carmen Salasek esperientzia askoz ere gehiago akreditatu du, eta horrela isladatu da puntuazioan ere. Berdin garbiketa esprientzian ere. Kudeaketa planari dagokionez, ez zaio inori punturik eman. Menuen proposamen atalean bi lizitatzaileek puntuazio berdina lortu dute. Berdina gertatu da irekiera ordutegiarekin ere. Euskara ezagutza mailan ez zaio inori punturik eman ez dutelako egiaztagirik aurkeztu.
Bolatokia zapatuan EITBn
Elgetako Bolatoki taberna, bestalde, Historias a bocados telebista saioan agertuko da bihar, zapatua, 20:00etan. Sorrerako urteak izango dituzte hizpide.