Elgetako IV. Kantu eta Dantza Egunak badu lekua egutegian. Maiatzaren 20rako iragarri dute antolatzaileek —Elgeta Kantuan, Herrixa Dantzan eta Elgetako Udala— eta egun osoko ospakizuna izango da. 12:30ean plazan elkartu eta 13:00etan emango diote hasiera kantu-jirari. Urtero moduan Elgeta Kantuan taldeko kideek kantuan egingo dute tabernaz taberna.
Kiroldegian egingo dute aurten kantu-bazkaria. 14:30ean izango da eta salgai daude txartelak hogei euroko prezioan. Antolatzaileek jakinarazi dute aldez aurretik eman behar dela izena. Ordainketa ere aurretik egin behar da Elgetako Udalaren kontu zenbaki honetan: 3035.0009.11.0090900039 (jarri izen-abizenak eta "bazkaria"; epea: maiatzak 15).
Dantzaldia arratsaldean
Dantza eta Kantu Egunari jarraipena emateko Herrixa Dantzan saioa egingo dute. Jainaga eta Narbaiza trikitilarien zuzeneko musikarekin egingo dute eta Patxi Monterok gidatuta.