Aurreko asteko albistearen harira, EH Bilduk argitu du 2017an 256.884,05 euroko gerakina izan zela. "44.536,77 euro 2017an gauzatu gabe gelditutakoetara bideratu dira. Beraz, oraingoan, 212.347,28 eurotik 182.436 euro erabiliko dira. Hala, erabilgarri genuen gerakinaren %16 inguru —29.911,30 euro— utziko da, oraingoz, erabili gabe".
Aurreko martitzenean egindako osoko bilkuran, gerakinaren gehiengoa mantentze-lanetara bideratu izana kritikatu zuen oposizioak; uste dute garrantzitsua dela aurrezkien poltsa handitzen joatea. "Akaso, bost edo hamar urtera izango genuke diru kopuru bat bestelako proiektuak exekutatzeko", esan zuen Mikel Larreak. Hirigintza, industrialdea eta Asentziora oinezkoen bidea aipatu zituen. Aurreikuspenak hobeto egiteko eskatu zuen oposizioak, eta diru faltagatik aurrekontuan sartzeke gelditzen diren premiazko egitekoak badaude horien berri emateko. "Kopuru hauek zehaztuta zeuden aurrekontua onartu genuenean", esan zuen.
EH Bildutik galdetu zuten ea zein gastu lerro kenduko lukeen oposizioak dirua aurrezteko. Erantzuna izan zen ez zirela horrelakoetan sartuko, baina onartu zuten denak direla beharrezkoak. Udal arduradunek adierazi zuten ogasun batzordeetan ematen dela dagoen informazioa, eta alkateak gaineratu zuen prest zegoela udaletxeko zerbitzarian duen karpetara sarbidea emateko. Banan-banan galdetu zitzaien ea informaziorik ukatu zaien, eta ezetz erantzun zuten.
Proposamenak eskatzen dizkio Udal Gobernu taldeak oposizioari. "Hilean Udalari bi ordu eskainita ezin da gehiago espero", baloratzen dute.